Euskadiko herri kirol federazioak antolatuta, Euskal Herriko lehen mailako aizkora txapelketaren kanporaketa jokatuko dute, domekan [irailak 16], Lakuntzako (Nafarroa) pilotalekuan. Norgehiagoka 12:00etan hasiko da, eta bertan
hamabi aizkolarik parte hartuko dute nor baino nor azkarrago. Ugaitz Mugertza Mendizabal Gipuzkoako lehen mailako aizkora txapeldunak bertan parte hartuko du.
Ugaitz Mugertza aizkolari mutrikuarra. Argazkia: Ibon Errazu
Aizkolari mutrikuarrak honakoen aurka egin beharko ditu lanak: Aitzol Atutxa Gurtubai, Iñaki Azurmendi Peñagarikano, Joseba Otaegi Saizar, Jon Irazu Ugalde, Mikel Larrañaga Elgarresta, Iker Vicente Saralegi, Jon Rekondo Salaberria, Ruben Saralegi Martikorena, Eneko Otaño Aizpuru, Julen Alberdi Zinkunegi eta Xabier Zaldua Alberdi.
Txapelketari dagokionez, honako lanak egin beharko dituzte aizkolariek: kanaerdiko bi enbor, 60 ontzako bi enbor eta oinbiko bi enbor moztu beharko dituzte. Lakuntzan lehen sei postuetan sailkatzen diren aizkolariek
urriaren 28an Iruñean jokatuko den finalean aritzeko txartela lortuko dute zuzenean.