Sare Herritarra plataformak, joan den ekainaren 2an, euskal presoen eskubideen alde martxan jarri zuen
Orain Presoak dinamikaren harira, presoen inguruko dinamika berria abiarazi dute Lekeition. Dinamika horren aurkezpena abuztuaren 29an egin zuten, eta Lekeitioko eragile desberdinek parte hartu zuten ekitaldian. Ekainaren 2ko adierazpena irakurtzeagaz gain, Pototo eta Liher euskal preso lekeitiarren egoera juridikoa azaldu zuten.
Bigarren urrats modura
batzar zabala deitu dute, urriaren 20ko manifestazioaren lanketa hasi zein presoen eskubideen inguruko lanketagaz jarraitzeko.
Zapatuan [irailak 15] egingo da batzarra,
18:00etan kultur etxean. “Bilera zabala da, beraz mundu guztia dago gonbidatua”, azpimarratu dute.
Lekeitioko dinamikaren aurkezpen ekitaldia Abaroako lorategian.
Manifestazioa. Joan den maiatzaren 4an bizitako egun historikoaren ostean, parez pare ireki dela hainbeste sufrimendu sortarazi duen ziklo luze honi amaiera emateko aukera, esan zuen Sare Herritarra plataformak Bilbon egindako Orain Presoak dinamikaren aurkezpenean. Baina, oraindik sufrimendua sortzen jarraitzen duen auzi bat, askatu beharreko korapilo bat badagoela gogora ekarri zuten. “Jadanik ETAk existitzeari utzi dion arren, 282 euskal preso daude euren senideengandik ehunka edo milaka kilometrora urrunduak. Espetxean dauden pertsona hauek euren eskubideen jabe izan arren, oraindik ere salbuespen- neurriak ezartzen zaizkie, Espainiako zein Europako legedien aurka doazenak, eta, presoa ez ezik, senideak, bereziki haurrak eta adin nagusiko pertsonak ere zigortzen dituztenak”.
Lau lehentasun ezarri zituzten: urruntze politikarekin bukatzea, larriki gaixo dauden presoak artatzea, zigorren batuketa eta lehen graduen aldaketa.
Adierazpenagaz batera manifestazioa deitu zuten
urriaren 20rako. Hasiera batean manifestazioa Bilbon egitekoa zen, baina Bilbao Night maratoia egun berean dela eta,
Donostiara lekualdatu dute.
Lekeitiarrak dinamika berriaren nondik norakoak entzuten.
Herriko euskal presoak. Lekeitioko dinamikakoek azaldu zutenez, Julen Atxurra
Pototo eta Liher Rodriguez lekeitiarrak euskal presoek jasaten dituzten eskubide urraketen adibide argiak dira. “Pototo adibidez kalean egon beharko litzateke, eta Liherren egoera ere bestelakoa izan beharko litzateke. Gertatzen dena da isolamenduan daudela lehenengo graduan eta daukaten egoera jasanezina da”.