Eguraldi ederra besterik ez dute behar Santa Eufemira joaten direnek bertan egun paregabea igarotzeko. Paisaia ikusgarria, landa zabalak eta arboladi handia eskaintzen ditu Urregarai eta Bedartzandi mendien inguruneak. Paraje eder horrek, baina, urte osoan dagokion lasaitasuna galduko du egunotan jai giro alaiaren mesedetan. Urregarai mendiaren tontorrean aurkitzen den ermitako donearen eguna ospatuko dute aulestiarrek eta urtez urte landak betetzen dituzten bisitariek: Santa Eufemi eguna.

Urtero bezala,
bi domekatan egongo da jaia Santa Eufemin bertan: etzi, donearen egunean bertan, eta hurrengo domekan. Horrez gain,
rock kontzertuak antolatu dituzte
irailaren 21erako; horiek, baina, Aulestiko herrigunean izango dira, plazan.
Gustu guztiak asetzeko moduan, bost talde entzuteko aukera egongo da oraingoan, eta guztiak doan.
Matraka elektrotxaranga donostiarrak alaituko ditu Aulestiko kaleak gaueko kontzertuetarako giroa berotzen joateko, eta hiru talde entzun ahalko dira ondoren,
The Riff Truckers gernikarrak,
ETS Araba Errioxako ska taldea eta Alaitz Eskudero, Maitane Unanue eta Mirari Alkortak osatutako
Ezten Giro taldearen erromeria. Azkenik,
DJ Bullen musikak amaiera borobila emango dio jaialdiari.
Kontzertuetara lasai asko joateko,
Gababus zerbitzua egongo da Lea-Artibaiko herri guztietatik, bai Aulestira joateko bai eta ere etxeratzeko. Beraz, norbere herriko udaletxean txartelak erosteko gomendioa egin dute antolatzaileek.
[EGITARAUA]
Bestalde, Bizkaibus zerbitzua ere egoten da Lekeitiotik zein Gernikatik. Lekeitiotik Aulestirako azken autobusak 19:50ean irtengo du, eta 07:30ean egongo da lehenengoa Lekeitiora itzultzeko. Gernikatik Aulestirako azken autobusa, berriz, 21:00etan irtengo da, eta Gernikara bueltatzeko lehen aukera 06:00etan edukiko dute gernikarrek eta inguruko herrietakoek.
222 eskailera. Asko izango dira etzi eta hurrengo domekan Santa Eufemi ermitarainoko 222 eskailerak igoko dituztenak. Goiztiarrenek 10:00etan entzun ahalko dute meza ermitan. 12:00etan, berriz, goiko zelaian izango da elizkizuna. Mezatara ez doazenek ere egingo dute osteratxoa ermitaraino. Bestela, jaia, beti bezala, beheko zelaian izango da, eta eguerdi partean egingo dira eguneko ekitaldi nagusiak.
Esteibar eta Obietak alaituko dute Santa Eufemi zelaiko giroa. Eguerdi zein arratsalde dantzan egiteko doinuak eskainiko ditu bikoteak
Sasoi baten oso ospetsua zen Santa Eufemiko
erromeria, eta jendetza batzen zen bertan dantzan egiteko. Ohitura horrek indarra galdu badu ere, erromerian dantzan egiteko aukerarik ez da falta izaten gaur egun ere. Hala, etzi zein hurrengo domekan Esteibar eta Obietak alaituko dute Santa Eufemi zelaiko giroa. Eguerdi zein arratsalde, soltean ala kolpeta, dantzan egiteko doinuak eskainiko ditu bikoteak, zelaian bildutakoek oinak astindu ahal izateko.
Oinak gogor astinduko dituzte bai eta ere 38. urtez aurten lehiatuko den
ermitara igoeran parte hartuko dutenek. Guztira 800 metro inguruko ibilbidea egingo dute parte hartzaileek, dena maldan gora. Probaren punturik altuena Urregarai mendia izango da, 690 metrora.

Domeka eguerdiko Santa Eufemiko 36. igoera.
Emakume zein gizonen kategorietan sari berberak banatuko dituzte: 90 euro eta txapela, 75 euro, 60 euro, 45 euro eta 30 euro. Horrez gain, sari berezi bat emango diote proba horretako marka haustea lortzen duenari, eta beste bat herriko parte hartzaile onenari. Bestalde, kopaua egongo da amaieran parte hartzaile guztientzat.
Ermitara igoeragaz gain, Santa Eufemi jai zaleen artean harrera ona izaten du bai eta ere, urtero,
irrintzi txapelketak. Lasterketa amaitu orduko hasiko da inguruko irrintzilaririk onenak batuko dituen 29. lehia. Sari ederrak eskuratuko dituzte lehen hirurek: 85 euro eta txapela lehenengoak, 70 euro bigarrenak eta 45 euro hirugarrenak.
[EGITARAUA]