Gazte Robotika-Euskadiko II. Hezkuntza robotika txapelketa egingo da zapatuan [irailak 22] Ermuko Izarra Centren. 8 eta 16 urte bitarteko Debabarreneko zortzi udalerrietako 100 bat gaztetxok eman dute izena txapelketan
41 taldetan banatuta, eta antolatzaileek jakitera eman dutenez, horietatik hamar mutrikuarrak dira.
Hain zuzen ere, Debabarreneko herrietan egin diren tailer teknologikoetan parte hartu dute gazteek, eta tailer horietan diseinatu eta programatu dituzten
robotekin lehiatuko dira. Mutrikuko tailerra, hain zuzen, abuztuaren bukaeran egin zen, eta bertan hamalau lagunek parte hartu zuten.
Gazte robotika txapelketaren aurkezpena, Ermuan. Argazkia: Debegesa
Txapelketa aurkezpen ekitaldia gaur goizean [irailak 17] egin dute Ermuan, eta bertan “ikasleen artean
sormena eta talentu berritzailea bultzatzearen garrantzia” nabarmendu dute. Egitasmoaren helburua da Debabarreneko gaztetxoen artean zientzia, teknologia, ingeniaritza eta matematikarekiko interesa piztea, modu dibertigarri batean eta talde lanean oinarrituzta.
Aurtengo txapelketari dagokionez, erronka berriak ezarri dituzte gazteen artean sormena eta soluzio teknologiko berritzaileak garatzeko gaitasuna sustatzeko. Txapelketak
bi kategoria edo erronka izango ditu aukeran. Kolore kolore deritzon kategorian ahalik-eta kolore gehien sortu beharko dituzte parte hartzaileek, eta 1vs1 game kategorian, berriz, abilezia eta estrategia jolasa landuko dituzte. “Batean zein bestean parte hartzaileek euren buru argitasuna eta talde lanean aritzeko gaitasuna erakutsi beharko dute”.
Topaketaren baitan, gainera, tailer teknologikoak eta robot kolaboratiboen erakustaldia ere egingo dira. Era berean, tailer irekiak ere eskainiko dira goiz osoan. Bertaratzen direnek aukera izango dute teknologia aurreratuenak ezagutu eta probatzeko. Gazte Robotikak 10:00etan zabalduko ditu ateak, eta 13:00etan amaituko da; diploma eta errekonozimendu banaketarekin (erronka bakoitzeko hiru talde onenentzat).
Sarrera irekia izango da, aretoa bete arte.