Berriatuan Aitxe Kurutz jaiak ospatu dituzte azken egunotan. Jaiak, oro har, giro onean igaro dituzte, eta erantzun oso ona izan dute. Egun handia barikuan [irailak 14] izan bazen ere, zapatuan [irailak 15] eta domekan [irailak 16] ere beste hamaika ekintza egin dituzte.
Aitxe Kurutz egunean, esaterako, zaldiaren eta txirrindularien arteko erronkak jende asko erakarri zuen Asterrika eta inguruetara. Ikuskizun oso polita eskaini zuten parte hartzaileek eta bide hegaletan batutako denak gozatu ederragaz etxeratu ziren.
Bizikleta desafioaren irabazleak. Argazkia: Hitza
Zapatuan, ostera, herriko kuadrillek bizikleta gainean dute abilezia erakutsi zuten. Berriatuan hasi, eta 32 kilometroko ibilbidea egin zuten. Txirrindulariek kostako errepidetik zehar buelta neurtua egin zuten, Milloitik, Lekeitiotik eta Ondarroatik igarota. Kuadrillarik onena Barkilleruk izan zen, eta saria pozik jaso zuten Ander Txakartegik, Kepa Seletak eta Jon Txillerrek.
Kuadrillen arteko desafioagaz batera, txirrindulariek banaka indarrak neurtzeko aukera ere izan zuten. 50 bat parte hartzaile inguru batu ziren, eta horietan azkarrenak Jon Txakartegi eta Udane Bilbao izan ziren. Domekan ere, beste hainbat kirol ekintzagaz gozatzeko aukera egon zen. Besteak beste, umeentzako duatloia egin zen, eta herritarrak giza proban batu ziren; irabazleak auzotarrak izan ziren.