Ziortzako Kontzertuek
30. urteurrena bete dute, eta aurten gonbidatu berezia izan dute. Hain zuzen, zapatuan egin zituzten lehenengo emanaldiak, eta Iñigo Urkullu Lehendakariak Ziortzako Monastegia bisitatu zuen, Luzia Arieta-Araunabeña emazteagaz.
Koldo Narbaiza Bilboko Udaleko Euskara eta Hezkuntzako Zinegotzi Delegatuak egin zien harrera, eta kontzertuak hasi aurretik, Antonio María Muñoz abadearekin eta Asier Polo biolontxelistarekin elkartu ziren.
Asier Polo biolontxelo jotzaile bilbotarrak munduko zenbait orkestra garrantzitsuenetan esperientzia oparoa dauka bakarlari moduan, eta haren emanaldiaz gozatzeko jendetza batu zen Ziortzako Monastegian. Johan Sebastian Bach alemaniar konpositore entzutetsuaren (1685-1750) biolontxelorako hiru suite interpretatu zituen.

Argazkia: Irekia.
Euskal musikariak izan ziren zapatuko protagonistak. Izan ere, Poloren emanaldiaz gain, Txanbela Otxoteak beren abesbatza kantak eskaini zituen, monastegia euskal doinuz betez.
Domekan, berriz, Forma Antiqua barroko motako musika taldeko musikariak eta Eugenia Boix soprano aragoarra egon ziren Ziortzan.
Hala, asteburu honetan Euskal Herriko zein nazioarteko goi mailako musikarien kontzertuak izango dira. Zapatuan Ziortzako Monastegira bertaratzen direnek organo kontzertua entzuteko aukera izango dute. Domekan, ostera, orkestra baten errepertorio barroko eta klasikoaren txanda izango da.
Lionel Rogg organo jokatzaile suitzarraren eta
Miriam Cepeda organo jotzaile bilbotarra igoko dira monastegiko altare ikusgarrira.
Cepeda Begoñako Andra Maria Basilikako organista da, eta Bilboko Koral Elkarteko partaidea. Bach musikari eta konpositore handiaren eraginpean hasi zuen musika ibilbidea Roogek. Ia mundu osoa zeharkatu du organo kontzertuak ematen, eta hainbat urtez Genebako Kontserbatorioko irakasle izan ostean, gaur egun konposatzaile lana da bere pasio nagusietako bat.
Ziortzan bere piezaren bat eskaintzeaz gain, euskal musikarien zein europarren aleak erakutsiko ditu. Gainera, euskal abestien inprobisazioa ere egingo duela aurreratu dute antolatzaileek. Lehen zatian, Pedro de Araujo, Lionelo de Aroggo, Francois Couperin, Bach eta Dietrich Buxtehude musikarien piezak joko ditu. Bigarren partean, Jan Pieterszoon Sweelinken eta bere musika ekarriko du.
Domekan,
Propitia Sydera-Bilbao orkestra barrokoak itxiko du aurtengo musika topaketa, errepertorio barrokoa eta klasikoa “ahalik eta gaur egungo garaiari lotuen emateko helburuarekin”. Horretarako lau europar musikariren kontzertuak eskainiko dituzte Wilbert Hazelzet zeharkako flauta jotzaileak eta Pedro Gandia kontzertinoak.
Herbeheretarra barrokoko flauta jotzaile onena da aditu askoren iritziz, eta biolin jotzaile bizkaitarrak aditu eta zuzendari onenekin lan egin du. Besteren artean, Musikeneko eta Salamancako Unibertsitateko irakaslea eta Sevillako Orquesta Barrocako zuzensari artistikoa da.
Astebutuko egitaraua
- ZAPATUA (18:00)
-Lionel Rogg (Organista)
- DOMEKA (18:00)
-Orquesta Barroca Propitia Sydera-Bilbao:
Wilbert Hazelzet (Zeharkako Flauta)
Pedro Gandia Martin (Kontzertinoa)