Eskualdeko ekintzaileen lana azaleratu eta merezi duten errekonozimendua emateko helburua duen
Lea-Artibaiko Ekintzailearen Eguna zapatuan [irailak 22] egingo dute Ispasterren.
Azaro Fundazioak eta Leartibai Garapen Agentziak antolatzen duten
Enpresa Berrien Azokak seigarren urtea du aurtengoa, eta beste urtez batez, eskualdeko hainbat enpresa sortu berrik euren produktu eta zerbitzuak bertatik bertara ezagutzeko aukera eskainiko dute. Hain zuzen, azokan postua izan gure duten enpresek oraindik ere gaur [irailak 19] ere izena eman dezakete.
Momentuz, dozena bat enpresak baieztatu dute azokan izango direla. Askotariko sektoreak edota enpresa motak elkartuko dira Ispasterren. Besteren artean, energia berriztagarrienn eta eraikuntza jasangarrien enpresetako postuak egongo dira, bai eta lora denda, argazkilaritza, marketing digitala eta osagarrien enpresak ere.
Ispasterko azoka
XII. Lea-Artibaiko Enpresa Proiektu Lehiaketaren sariak ere banatuko dituzte. Ekintzailetza lana saritzea eta laguntzea helburu duen lehiaketara
27 proiektu aurkeztu dituzte aurten. Kooperatiben Mahaia Elkartearen laguntzagaz antolatzen duten lehiaketa honen garrantzia nabarmendu dute. Izan ere, azaldu dutenez, “gero-eta harrera hobea” dauka eskualdean, eta horren adibide jarri dute aurten aurkeztutako kopurua.
Aurten, gainera, berritasun modura,
bi modalitate gehitu dituzte: Emakume ekintzailea eta negozio ideia jasangarria. Batean zein bestean 750 euro jasoko ditu proiektu irabazleak.
Bertoko enpresa eta ekoizleen erakusleiho paregabea da enpresa berrien azoka
Negozio ideia berritzaileak modalitatean 2.000 eurogaz sarituko dute proiektu irabazlea, baita Kooperatiba izaera juridikoa duen enpresaren atalean gailentzen den proiektuak ere. Halaber, Merkataritza, ostalaritza, turismo eta zerbitzu enpresa modalitateko irabazleak 1.500 euro jasoko ditu. Hain zuzen ere, aurkeztutako proiektu gehienak azken modalitate horretakoak direla azaldu dute Azaro Fundazioaren ordezkariek.
Ispasterko Nekazal Azoka. Bertoko enpresa eta ekoizleen erakuslehio paregabea da enpresa berrien azoka. Eta zeregin horretan eredugarri dira baita lekuan lekuko nekazal azokak. Iaz Berriatuko Nekazal eta Arrain Kortserba Azokaren eremuan egin zuten Lea-Artibaiko Ekintzaileran Eguna, eta oraingo honetan, Ispasterko Nekazal Azoka aukeratu dute egun hori ospatzeko.
Eskualdeko zein Euskal Herriko hainbat txokotatik etorritako e
koizleen eta artisauen bilgune izango da beste behin azoka; sei artisau postu eta janari-edarien hamahiru postu jarriko dituzte. Berriatua, Bedarona, Gizaburuaga, Lekeitio, Markina-Xemeingo, Mungiako, Zeanuriko, Bilboko eta Lasarteko produktu fresko eta ekologikoez beteko da plaza, eta alboan, Ispasterko, Lekeitioko, Gernika-Lumoko, Barakaldoko, Atxondoko eta Soraluzeko artisauen lanak egongo dira.
Herribixi kooperatibaren eskutik, tailer bitxi bat eta klown eta antzerki ikuskizuna egingo dituzte
Produktuak erosteko eta dastatzeko aukeraz gain, aurten ere inguruko baserritarren
animaliak egongo dira ikusgai. Txakurrak, ponyak, behiak, idiak, ahuntzak, ardiak, ahari eta aker bana, oiloak eta abar bertatik bertara ikusteko aukera ederra izango dute azokara bertaratzen direnek.
Bestalde, eskualdeko Herribixi kooperatibaren eskutik, tailer bitxi bat eta klown eta antzerki ikuskizuna egingo dituzte eguerdian. Goizean ikuskizun horretarako eszenatokia prestatuko dute umeekin; gura dutenek hurbildu eta denen artean egingo dute eguerdiko ikuskizunerako erabiliko duten atrezzoa.
Lea-Artibai Berrikuntza Gunean dauka egoitza Herribixik (iaz sortu zuten), eta aisialdian euskara eta euskal kultura sustatzen ditu.
EGITARAUA:
- 10:00-14:00. Lea-Artibaiko Enpresa Berrien Azoka.
- 11:00. Ispasterko Nekazal Azokaren irekiera, eta inguruko baserrietako animalien erakusketa.
- 11:30-12:30. Eszenatoki atrezzoa prestatzeko tailerra, Herribixiren eskutik.
- 12:00. Okela erre dastaketa.
- 12:30-13:15. Klown eta antzerki ikuskizuna, Herribixiren eskutik.
- 13:30. XII. Lea-Artibaiko Enpresa Proiektu Lehiaketaren sari banaketa.