2018ko San Antolin jaietako ekintzek izan duten
harrera ona eta arrisku larririk edo
istilurik egon
ez izana azpimarratu ditu Lekeitioko Udalak aurtengo jaien balorazioa egiterakoan. Jai Batzordeko kideak ere zoriondu dituzte “prestatutako egitarauagatik eta horrek izan duen arrakastagatik” eta eskerrak eman dizkiete ekintzak aurrera eramatea posible egiten duten koadrila, boluntario, talde eta udal-langileei ere.
Oro har, ekintza gehienetara
jende ugari hurbildu dela azaldu du udalak, eta herritarrek jaietako ekintzetan parte hartzeko erakutsi duten prestutasuna nabarmendu dute. “Eskertzekoa da adibidez, irailaren 1erako mozorroak prestatzeko jendeak izan duen dedikazioa eta txalotzekoa da goizetik giro ona sortzen aritzea ere”. Irailaren 2ko su artifizialak ere asko gustatu zirela gaineratu dute, “batez ere uretatik irteten zirenek ezustekoa eragin zutelarik”.
Kuadrilla bat Bajada Egunean.
Aipamen berezia egin diote, bestalde, aurtengo
kontzertuen eskaintzari. “Jaietan musika protagonista bilakatu zen, adin eta gustu ezberdinetako jendeari zuzendutako kontzertuak eskainiz. Irailaren 1ean, lehen aldiz, Eskolapean disko dantza antolatu zen eta asko izan ziren bertara hurbildu zirenak, plazaz gain kontzertuez gozatzeko gune berri bat sortuz”.
Ume eta gazteentzako ekintzek ere arrakasta handia izan dutela azaldu dute mastapuntakoa, buruhandiak eta suzko zezenen kalejirak aipatuz.
Umeen mastapuntakoa.
Segurtasuna. SOS Deiak bidalitako datuen arabera, antzar egunean ez zen egon arrisku larririk eragin duen gertakaririk ezta istilu larririk, eta ondorioz, balorazio oso positiboa egin dute. “Antzar ekitaldia amaitu eta gero geratu zen Gurutze Gorriko anbulantziak 9 gertaera egin zuen, Osakidetza Emergentzietako ZIU mugikorrak 1 eta Lekeitioko anbulantziak 7”. Udalak azaldu duenez, egun horretan Gurutze Gorriko 50 langile inguru egon ziren lanean –erizainak, buzoak, sorosleak –. “Zauritu gutxi egon ziren eta kasu guztietan arrisku larririk gabeko gertaerak izan ziren”.
Irailaren 1ari dagokionez, Lekeitioko Udalak, Gurutz Gorriaren errefortzu berezia jarri zuen, zapatua izanik herrian jende asko biltzea espero zuten eta. “Guztira 13 pertsona artatu zituzten, horietatik 5 adingabeak, eta pertsona bakarra eraman zen urgentziaz ospitalera”.
Bestalde, SOS Deiak-ek guztira 34 esku-hartze egin zituen jaietako 8 egunetan, horietatik gehienak irailaren 5ean eta 6 goizaldean. “Esku-hartze gehienak istripuengatik izan ziren erortzeak, kolpeak eta zauriak”.
Antzar jaia.
Jendetsuenak izan ziren egunetan gertatzen diren gertakariez gain, mugikor, kartera eta poltsen
lapurreta edo desagertzeak egon direla azaldu du udalak, gehienak irailaren 1ean .
Autobusak. Zirkulazio pilaketak ekiditeko eta herrirako sarrera eta irteera errazteko autobus zerbitzu berezia jarri zuen Bizkaibusek antzar egunean, eta 7.600 bidaiari egon ziren guztira, iaz baino %18 gutxiago. “Seguruenik datu hauetan, goizean izandako eguraldi euritsuek zerikusi handi izan zuten”. Bestalde, udaltzainek adierazitakoaren arabera, aurten
autobus pribatuen kopuruak zeharo egin du gora; 40 autobus inguru etorri ziren Lekeitiora egun horretan.
Azkenik, kaleetako garbitasunari dagokionez, jai egun jendetsuenetan ia 30 langile ibili zirela kaleak garbitzen jakitera eman dute, “kamioi, putzegile, mangera eta bestelakoak erabiliz”. Guztira, 13.260 kilo zabor batu dituzte Lekeition jaietan, antzar egunaren ondoren gehien:
5.720 kilo.