Urriaren 6an Bilboko Deportivon jokatuko den
Xisterako Interjai Txapelketaren finala erabakita geldituko da asteburuan. Antxon eta Ibarluzea jadanik finalerako sailkatuta daude, eta zapatuan [irailak 22] Donibane Lohizuneko Campos Berri Jai Alai pilotalekuan jokatuko diren finalerdietan jakingo da nortzuk izango diren euren aurkariak.
Goixerri-Andonegi,
Retolaza-Uriel eta
Bailo-Manzi izango dira aurrez aurre arituko direnak. Kiniela erara jokatuko dute, 25 tantora. Hiru bikote horietatik bakarrak egingo du aurrera eta beste biek hirugarren postua borrokatuko dute. Faboritorik ez dago, kiniela erara jokatuko da finalaurrekoa eta hiru bikoteek daukate aurrera egiteko aukera.

Manzi mutrikuarra eta Bailo izango dira finalaurrekoetako bikote bat. Argazkia: Xistera
Donibane Lohizunera doazen pilotazaleek gainera, bosgarren eta seigarren posturako norgehiagoka ikusteko aukera ere edukiko dute.
Iturrino eta Susoren ordez arituko den
Tocoullet,
Etxeberriren eta
Zugaitzen aurka neurtuko dira.
Ikusnahia. Ikusminik ez da falta pilotazaleen artean, batez ere Lea-Artibai eta Mutrikun, izan ere, finalerdietan egongo diren sei pilotarietako lau bertokoak dira: Ekaitz Mendizabal
Goixerri, Mikel Manzisidor
Manzi, Aitor Andonegi eta Julen Iriondo Retolaza. Kirolariek ez dute euren zaleen babesik faltako.
Bestalde, Donibane Lohizunera joaterik ez dutenek ere, edukiko dute partiduaren jarraipena egiteko aukera. Xisterak jakitera eman duenez, zuzenean emango dituzte finalerdiak Xisterako You Tube kanalaren bidez.