San Antolin jaien balorazioa egin du Lekeitioko EH Bilduk. Txalotzeko kontu ugari egon badira ere, zuzendu beharrekoak eta kritikagarriak iruditu zitzaizkien jarrerak ere aipatu dituzte.
Parkeko gunea goraipatu nahi izan du Lekeitioko EH Bilduk. Balore aurrerakoiz eta gizatasunez betetako gune alternatibo eredugarria dela uste dute. “Bere gaztetasunean freskura eta haize gozoa eskaintzeko gaitasun aparta erakutsi du aurten ere. Gainera diru laguntza eza kontutan izanik are txalogarriago da gune hau hain indartsu ikustea”.

Umeak jolasean Parkeko gunean.
Aurtengo musika eskaintza, orokorrean, ontzat jo dute, bai jai batzordeak zein txosna batzordeak antolatutakoa. “
Musika mota egokia izan da kasu gehienetan, gure ustez eta euskararen presentzia balekoa”. Hala ere, emakumezkoen presentzia orekatzeko beharra ikusi dute eta herritar musikariak bultzatzeko ahalegin gehitxoago egin daitekeela uste dute. “Bai txosnetako egitarauan bai eta jai batzordekoenean gabezia hau nabaria izan dela deritzogu”.
Emakumezkoen txistulari kalejirak ere
freskotasun atsegina eman duela eta jaietako ekintzetan herritar asko eta askoren parte hartzea azpimarratu dituzte. “Honi esker
jaiak herrikoiak izaten jarraitzen dutela uste dugunez, gai hau bereziki zaindu eta zoriondu beharrekoa dela uste dugu”. Gainera, egunero jendetza handia ibili den arren kale giroa ona, atsegina eta abegikorra izan dela adierazi dute.
Era berean,
antzar mekanikoa aukeratu duten koadrilen kopuruak gora egitea eta erdia baino gehiago izatea aurrerapauso ederra dela uste dute. “Denborarekin gai honetan aurrerakuntza ematen goazela uste dugu eta auzi hau modu lasaian eta aurrerakoian gaindituko dugula uste dugu”. Modu berean, antzar jaian bertan eta antzar harrapatzaileen artean emakumezkoen kopuruak ere gora egitea poztekoa dela deritzogu. “Emakumeak beraiena den lekua hartzen ikustea ederra da”.
Hobetzeko. Zuzendu daitezkeen gaien artean, faltan bota dituztela esan dute emakumeen aurkako erasoen inguruko salaketa batzuk, “egon izan baitira halako erasoak-eta”. Gai honetan jarrera irmoa agertzeko nahia badagoela ikusita, erasorik txikienaren aurrean ere adierazpen publikoak eman behar direla uste dute.

Antzar Eguneko eraso sexisten aurkako photocall-a.
Horrez gain, sortzen den
lohi kopuru handiak eta bereziki plastikoen kontuak kezka handia eragin die. “Tarteko irtenbidea izan daiteke zakarrontzi egokiagoak eta txosnak darabilten eredua basoetarako. Ez gara garbiketa bidez zaborra desagertaraztera mugatu behar, ahal dela, gutxiago sortzera begirako urratsak eman behar genituzkeela uste dugu”. Bestalde, kalean jarritako komun mota eta kopuruak egokitu beharra ere ikusi dute. “Donostian eta Bilbon erabilitako eredua aztertzeko modukoa dela iruditu zaigu”.
Azkenik,
udal gobernu batzordearen jarrera gaitzetsi dute. “Kritikagarritzat jotzen dugu udal gobernu batzordearen obsesio itsua guzti-guztiari etekin politikoa ateratzeko. Askotan, gainera eragile herritarren jarduna gutxietsiz edo estaliz. Edozerk balio diela ematen du atentzioa eureganatzeko, guztiz nahastuta daukate euren udal ordezkari izaera eta alderdiaren aldeko propaganda”. EAJko zenbait kideren itxurakeriak auzo-lotsa sorrarazi diela adierazi dute.