Dzanga piragua taldeak antolatuta Itsas Kayak Txapelketa lehiatuko da
domekan [irailak 23] Lekeitioko Isuntza hondartzan. Lehenengo norgehiagoka 2013 urtean antolatu zuen taldeak eta aurtengoa Dzangak antolatzen duen
seigarren itsas kayak txapelketa izango da.
Aurten, piraguismo elkarteak
XIV. Euskadiko Itsas-kayak kopa lehiatzen ari dira. Guztira, zazpi lehiaketak osatzen dute kopa, eta Lekeitioko zeharkaldiak emango dio amaiera txapelketari.

Lekeitioko itsas kayak txapelketa
Modalitate ezberdinetako parte hartzaileak batuko dira Lekeition.
Surfski modalitatean 13 kilometro egin beharko dituzte palistek. “Isuntza hondartzatik irten eta Bedaronako punta edo Apikale mutur parera arte heldu eta gero, buelta eman eta Endai ingurura joan beharko dira, zehazki Andaparri Puntara, eta berriro ere irlari buelta eman ostean, Isuntza hondartzara itzuli beharko dira”, azaldu dute Dzanga taldekoek.
Piragua tradizionala erabiliko dutenak, berriz, 9 kilometro osatu beharko dituzte: “Bedaronara joan eta buelta berriro Isuntza hondartzara”.
Guztira, 30 bat kirolari egongo direla aurreikusten dute antolatzaileek, eta jakitera eman dutenez, Dzanga taldeko bik parte hartuko dute lehian:
Gorka Plazak eta
Joseba Iturraspek. “Dena ondo irteteko Gurutze Gorria eta antolakuntzako ontziak ibiliko dira kirolariei laguntzen”, zehaztu dute.
Bi sailkapen egongo direla azaldu dute antolatzaileek: klubeka eta bakarka. Parte hartzaileak 12:00etan irtengo dute Isuntza hondartzatik.
EGITARAUA
- 10:00-11:00. Talde buruek, euren kirolarien parte hartzea baieztatu beharko dute, dortsalak eta txapelketaren oroigarria bisera bat banatuko zaie Paskual Abaroa monumentuaren ondoan.
- 11:00. Talde Buruen Bilera, egin beharreko ibilbidearen azalpen guztiak emango dira Isuntza Arraun Elkarteko gimnasioan.
- 12:00. Isuntza hondartzatik itsasoko piragua tradizionalen irteera eta Surfski deitzen diren piraguen irteera edo berdina dena Sprinterren irteera.
- 14:00. Sari banaketa eta kopaua egongo da.