Adinak ez dauka zertan oztopo izan kirola egiteko. Sasoian ere egon daiteke nahiz eta adinean aurrera egin, eta horren erakusle garbia da Jose Mari Elordi
Elorrixa markina-xemeindarra. 80 urtetik hurre badago ere –78 urte bete zituen abuztuaren 5ean–, erronka berriari aurre egin nahi izan dio, eta 47 bat kilometroko ibilbidea osatu du mendiz mendi.
Jose Mari Elordi Urko eta Kalamua artean, bere azken erronka osatzen. Argazkia: Iñigo Elordi Bilbao
Urte asko daramatza Elordik batera eta bestera, eta oinak gogorrak ditu oraindik ere. Etxe barruan egotea baino nahiago du ibili, eta hala, Markina-Xemein, Urregarai, Oiz, Urko, Kalamua eta Markina-Xemein arteko bira luzea egin du aurten. Berak uste baino hobeto osatu zuen, gainera, bere azken balentria: zortzi ordu eta erdian.
07:00etan irten zen Goiko Portaleko iturritik, eta
15:30ean heldu zen berriro Markina-Xemeinera. Tematuta zegoen, eta hil orduko egitea pentsatuta zeukala dio. Hala esaten zion bere lagun Sumiñari ere. «Nahiz eta hamabi ordu behar, egin behar dut».
Iruntzagaz oinak bustita egin zuen lehenengo tartea Trabakuaraino. Anaia eta semea zituen bertan zain, uragaz eta frutagaz, eta oinetakoak aldatu eta atseden hartu zuen bertan. Ibilbidea ondo amaitu zuen; Ixutik Markina-Xemeinerainoko azkenengo tartean seme gaztea eduki zuen, gainera, bidelagun.
Medikuak ibiltzea gomendatu zion eta hainbat erronka burutu ditu ordutik
Zaletasun berria. Sinestezina badirudi ere, ibiltzea ez da Elordiren beti betiko zaletasuna. Arrantzan egitera joaten zen gaztetan, baina sekula ez mendira. Alabaina, soldadutzatik itzuli eta gero, gastritisa pairatzen hasi zen, eta medikuak pixka bat ibiltzea gomendatu zion. Gastritisa hobetzeagaz gainera, mendizale bihurtu zen, eta ez edozelakoa. Hainbat erronka burutu ditu ordutik.
Inguruko mendi guztiak igo ditu; Gorbeara eta Aizgorrira osterak, joan eta etorri Markina-Xemeindik; Aralarko San Migel eta Arretxinagako San Migel arteko bidea egin du;
Bizkaiari buelta eman dio, eta
Hiru Handiak sei urtean jarraian egindakoa era bada beste batzuren artean. Guztiak, gainera, denbora onekin bete ditu.
Jose Mari Elordi Kalamuan. Argazkia: Iñigo Elordi Bilbao
Esate baterako, 13 ordu eta laurden behar izan zituen
Aralarko San Migel eta
Xemeingo San Migel arteko ibilbidea osatzeko. Semeak eraman zuen Aralarrera, eta bide okerra hartu zuen zati batean, eta, hala eta guztiz ere, espero baino ordu laurden gehiago besterik ez zuen egin.
Bizkaiari buelta eman zion hamar egunetan, egun oso bat atseden hartzeko erabili zuelarik
Hamar egunetan eman zion buelta Bizkaiari bakar-bakarrik. Gauerdian semeak Bilbotik ekarritako mapa hartu goizean poltsikoan, eta Ondarroara joan zen ibilbide berriari ekiteko. Ondarroan irten eta Ondarroara itzuli zen Bizkaiko izkinetako mendi guztietatik igaro ondoren. Egun oso bat galdu zuen atseden hartzeko. Orduan telefonorik ere ez zeukan, gauean ailegatzen zen herrietara, eta batzuetan lo egiteko lekurik ere ez zuen aurkitzen. Hori dela eta, kanpoan ere egin zuen lo, basoan, pinu orriekin burukoa eginda. Eta eguna zabaldu orduko martxan zegoen, ostera ere. Gorbeara ailegatu zenean ia-ia etxean zegoela begitandu zitzaion. Handik Ondarroara abiatu zen Gipuzkoan zehar, eta eguerdirako helmugan zegoen.
Dena ez zen espero bezain ona izan. Egun batean Burgos parteko herri txatxar batera ailegatu zen. Iluntzean, menditik argia ikusten zuen behean, eta han lo egiteko lekua aurkituko zuela pentsatu zuen. Sekula handik ibili barik, alanbreak eta zerrailak aurkitu zituen bidean, hala ere, aurrera egin zuen, sekula ez du-eta beldurrik eduki mendian. Auzo txiki hartako tabernan sartu, eta, zeukan goseagaz, otarteko bat prestatzeko eskatu zion bertako andreari. Ezezkoa erantzun zion, nahiz eta ordainduko ziola agindu. Andre haren semea bitarteko lortu zuen otartekoa (arrautza biko tortilla ogitarteko txiki bat) bai eta lotarako lekua ere. Semeak hotel batera lagundu zion, eta lekurik ez zegoela eta, auto zaharrak zituzten haren lagun batzuen autoan lo egin zuen. Goizaldean itzartu, eta motxila hartuta jarraitu zuen aurrera.
Abade batek emandako tratuagaz ere ez zen oso pozik geratu. Ordainduko ziola eta, lo egiteko lekua eskatu zion; jesarleku bat zegoen han eta bertan lo egiteko erantzuna jaso zuen Elordik. Manta bat jaurti zion, eta esnatzerakoan bera iratzartu barik alde egiteko ordena.
Jose Mari Elordi helmugan. Argazkia: Iñigo Elordi Bilbao
Aldatza nahiago. Gaur egun ere egiten jarraitzen den
Ondarroa-Ondarroa ibilbidea egiten lehenengoa izan zen. Lehenengo ahaleginean 12 ordu egin bazituen ere, arinago egin nahi, eta zortzi ordu pasatxoan bukatzea lortu zuen.
Santa Eufemira joan-etorria 48 minutuan osatu zuen beheko arrandegitik irtenda
Aldatza da berea, gora irteten abila da, eta orain ere Santa Eufemira joatea gustuko duela dio. Dena dela, orain, gehiago nekatu eta denbora gehiago behar duela aitortzen du: «Ordubete bat Markina-Xemeindik Santa Eufemira heltzeko». Sasoi batean, hiru ordu laurden nahikoa zituen, eta beheko arrandegitik Santa Eufemira joan eta etorri 48 minututan eginda dago.
Gutxiago bada ere, Elordik ibiltzen jarraitzen du egunero, eta bere lehenengo entrenamendua emazteagaz Etxebarrira ostera egitea dela jakitera eman nahi izan du. Betebehar modura hasi zuena ezinbesteko bilakatu zaio, eta ez dauka asmorik uzteko. «Ez naiz oraindik nekatu», dio gogo biziz. Aurtengo erronka ordu erdian hobetuko lukeela ere badio, «norbaitek zirikatuz gero».