Giro ikusgarriagaz lehiatu zen atzo [irailak 23] Lekeition VI. Dzanga Itsas Kayak Txapelketa.
46 palistak parte hartu zuten Lekeitioko
Dzanga piragua taldeak antolatutako kirol proban, bost emakumek –hiruk K2 mistoan eta bik bakarrik– eta 41 gizonezkok. Euskal Herriko kirolariez gain, Kantabria eta Asturiasko parte hartzaileak ere bildu zituen ekimenak.
Parte hartzaile batzuk Isuntza hondartzatik irtetzeko prest. Argazkia: Dzanga piragua taldea
Denetara,
zazpi kategoriatako
39 ontzi atera ziren Isuntza hondartzatik. Gizonezko seniorren mailan Pasaia Kayak Kirol Klubeko
Aritz Araneta izan zen irabazlea, 67.58.81 denboragaz eta emakumezko senior mailan Donostia Kayak Kirol Elkarteko
Amaia Benavente proba 82.35.09 denboran osatuta; gizonezko beteranoen 50 urtetik beherako mailan
Jose Mari Villagarcia (C.D. Fortuna) izan zen lehenengoa 67.39.43 denbora eginez eta 50 urtetik gorako gizonezko beteranoen mailan
Rafael Quevedo (Barrika P.T.) 70.04.52 denboragaz; lehenengo emakume beteranoa ATSS taldeko Cristina Iraeta izan zen (85.15.17). Bestalde, K2an Zumaiako Urola Itsas Adar Piragua Klubeko
Imanol Barruetabeña eta Unai Azkunek osatutako bikoak irabazi zuen gizonezko senior mailako proba eta mistoan klub bereko
Eñaut Murua eta Maite Etxabe izan ziren nagusi. Atzoko talderik onena
Barrika Piragua Taldea izan zen 125 puntugaz.
[VI. Dzanga Itsas Kayak Txapelketako SAILKAPEN OSOA]
Itsasoa bare-bare aurkitu zuten parte hartzaileek, beraz proba gogorragoa izan zela azaldu du Ekain Ogando Dzanga piragua taldeko kideak. “Arraun egitea
gogorragoa izan zen, indar gehiago egin behar izan zuten parte hartzaileek”. Hala ere, oso gustura gelditu ziren denak, eta bakarrak utzi behar izan zuela proba jakitera eman dute antolatzaileek: “Lehenengo buiara arte besterik ez zuen arraun egin zorabiatu egin zen eta”. Beste guztiak, ordea, ondo amaitu zuten.
Ikusle askok jarraitu zuen proba. Ontzien irteeran eta helmugan pilatu zen batez ere jendea parte hartzaileak hondartzatik irtetzen eta heltzen ikusi eta txalotzeko.
Parte hartzaile batzuk zeharkaldia egiten. Argazkia: Dzanga piragua taldea
Dzanga piragua taldeko bik ere parte hartu zuten norgehiagokan:
Gorka Plazak eta
Joseba Iturraspek. Plazak 6. egin zuen K1eko 50 urtetik beherako beteranoen kategorian (89.48.70) eta Iturraspe 13. postuan gelditu zen 50 urtetik gorako beteranoen mailan (97.23.06).
Lekeitioko probarekin amaitu da
XIV. Euskadiko Itsas-kayak kopa. Guztira, zazpi lehiaketak osatzen dute eta Lekeitioko zeharkaldiak eman dio amaiera txapelketari. Beraz, Euskadiko Kopako irabazleak ere erabaki ziren atzo, Lekeition. 125 puntugaz Barrika piragua taldea izan da irabazlea, bigarrena Pasaia Kayak 2005 Kirol Kluba gelditu da eta hirugarren Zumaiako Urola Itsas Adar Piragua Kluba (
Itxas–
Gain piraguismo Elkartea).