Eguraldi ona izan dute lagun aulestiarrek, Santa Eufemi jaietako bigarren domekan ere. Ohi modura, jaietako errepikapena ospatu zuten atzo [irailak 23] Urregaraiko landan eta, giro ona aprobetxatuta, asko izan ziren ospakizunagaz bat egitera animatu ziren aulestiarrak eta inguruetako herrietako bizilagunak.
Goizeko mezaren ostean, Euskal Preso Politikoen eskubideen aldeko elkarretaratzea egin zen zelaian, eta Esteibar eta Obietak jarri zioten doinua eguerdiari ondoren. Eguerdian egon ziren bai eta ere, urteroko ekintza arrakastatsuenak. 38. Ermitara Igoera lehiatu zen lehenengo eta 29. Irrintzi Txapelketa ostean.
Korrikalariak lehenengo aldapak igotzen ermitarantz.
Aldapan gora. 35 korrikalarik egin zuten aringa-aringa ermitaraino, 800 metroko aldapan zehar, eta gernikarrak igo ziren atzokoan podiumaren gorenera. 3 minutu eta 58 segundoko denboragaz
Jabi Goitia izan zen bizkorrena mutiletan eta nesketan, berriz,
Imma Ruiz, 6 minutu eta 17 segundogaz.
Korrikalariak ermitara igotzen. Argazkia: Aulestiko Udala
Emakumezkoetan bigarrena, herrikoa izan zen:
Izaro Aranburu. 06.26 denbora lortu zuen aulestiar gazteak. Podiumeko hirugarren postua, berriz, Laudioko Gerasane Ussiak osatu zuen (06.36). Laugarrenak ere eduki zuten saria, Iraia Uriarte bedaruarrak (07.31).
Gizonezkoetan, iazko irabazlea Ekaitz Kortazar durangarra (04.04) eta Julen Aranguena Kortezubikoa (04.09) gelditu ziren bigarren eta hirugarren. Denbora onak egin zituzten korrikalariek. Esate baterako Kortazarrek iazko denbora hobetu zuen, 04.12 minutuko denbora egin zuen iaz. Joseba Plaza markina-xemeindarrak laugarren postua lortu zuen (04.14) eta Imanol Goñi natxituarra bosgarrena izan zen (04.20).
[38. Ermita igoerako SAILKAPEN OSOA]
Irrintzi txapelketa. Birika onak zituztela erakutsi zuten bai eta ere 29. Irrintzi Txapelketan parte hartu zuten lau neskek. Beste urte batez irabazlea
Nerea Foruria izan zen. Aulestiar bik ere parte hartu zuten: Lorea Zarragoikoetxeak eta Ainara Ituiñok. Hirugarren postuan berdinduta gelditu ziren biak.
Irrintzi txapelketa.
Bolatokia eta agertoki inguruak izan ziren bilgune arratsaldean. Bizkaiko Txapelketaren azken jardunaldia jokatu zuten batean, eta erromeria bestean. Iratzar taldeagaz Aulestiko plazan dantzan amaitu zuten jaia aulestiarrek.
Bestalde, talde handien agertoki izan da beste behin ere Aulesti. Bariku gauean [irailak 21] Matraka elektrotxarangak, The Riff Truckers, En Tol Sarmiento eta Ezten Giro taldeek lehenengo eta DJ Bullek gero eskainitako kontzertuetan jende asko ibili zen.