Ispasterko zaldi mando probak lehiatzeko zapatuan izena eman behar da
Ispasterko 33. Zaldi-Mando Proben Sariketa urriaren 12tik 14ra lehiatuko dute. Bertan parte hartzeko asmoa dutenek zapatu honetan (irailak 29) izena eman behar dute. Udaletxean da hitzordua, 13:00etan. Bertaratzerik ez dutenentzat hau da telefono zenbakia: 94-654 29 99.
Izena ematerakoan, probalariek derrigorrez honako dokumentazioa aurkeztu beharko dute: zaldi-mandoen jabearen datuak, animaliaren identifikazio zenbakia edota mikrotxipa eta esplotazio kodea. Abereen oinarrizko pisua 400 kilotan ezarri dute, eta saio bakoitza hasi baino ordubete lehenago pisatuko dituzte.
Ispasterko harriagaz lehiatuko dituzte probak, eta saio guztiak Bizkaiko Euskal Joko eta Kirol Federakundearen ordezkariek kontrolatuko dituzte.
Sariak. Txapelketan lehenengo zortzi sailkatuak sarituko dituzte, eta horrez gain, eskualdeko lehenengo hiru sailkatuentzat ere sariak egongo dira. Azken horiek banatzeko gutxienez Lea-Artibaiko hiru partaide egon beharko direla jakitera eman dute. Saririk jaso gabe gelditzen den probalariren batek irabazlearen markaren %70 eginez gero, 300 euro jasoko lituzke.
Irabazleak manta eta txapelagaz batera, 750 euro jasoko ditu eta txapeldunordeak 650 euro. Eskualdeko onenarentzat, berriz, 120 euroko diru saria egongo da.