Arretxinagan dagoen Xemeingo udaletxe zaharra biziberritzeko
bigarren faseari ekin dio Markina-Xemeingo Udalak. Bigarren zati honetan gelak banatu, arotzeria, elektrizitate, iturgintza lanak gauzatu eta aerotermia berogailu sistema ezarriko dutela azaldu dute udal ordezkariek. “Bigarren fase hau urtarrilerako amaituta egotea espero dugu”, esan dute.
Eraikina guztiz eraberritu eta erabilgarri egotea izan da udalaren asmoa. Horrela, teilatua konpondu, eraikinaren barrua hustu eta inguruko txabola eta eraikinak bota zituzten lehenbizi eta barrukaldea konpontzeko lanekin hasi ziren ondoren. Lehen fasean
igogailu bat jarri eta
komun berriak egin dituzte. Horrez gain, iriste erraztasuna bermatzeko beherengo solairuko lurra berdindu dute.
Udaletxe zaharra konpontzen.
Sanmigelak. Udalak jakitera eman zuenez, herriko
musika eskola bertan kokatzea da asmoa eta ikasturte honetarako klaseak bertan eman ahal izatea zuten helburu. Bestalde,
Arretxinagako San Migel jaietarako lanak amaituta egotea nahi zuten, baina obrak amaitu barik daude oraindik. Hori dela eta, Arretxinagako jaiak asteburuan izanik –irailak 29 eta 30– eta eraikina oraindik obretan egonda, beste irtenbide batzuk bilatu behar izan dituzte Arretxinagako Jai Batzordeak jaiak aurrera eramateko aukera izateko. “Obrak direla-eta eraikina ezin da erabili, obra eremua den einean segurtasun neurriak bete behar dira eta”.
Probalekuko eremua estali egin dute karpa bategaz eta txosna bat jarri dute bertan. Beste txosna bat ere badago plazan, sukalde funtzioa beteko duena eta komun kimikoak jarriko dituzte erreka ondoko horman. Agertokia behean kokatuko dutela ere zehaztu dute udal ordezkariek. “Eraikin ondoko karkaba biltegi modura erabiliko dute kanpokaldean egonik erabili daiteke eta”.
Goiko eta beheko txosna eta karparen muntaia udalaren ardura izango dela azaldu du udalak eta ermitaren kontra aldagela batzuk ere jarriko dituztela gaineratu dute, “emanaldietako aktore eta musikariek erabili ahal izateko”.