Demokraziaren argiak katalanak eta euskaldunak elkartu ditu
Euskal Herriak eta Kataluniak demokraziagaz eta subiranotasunagaz konpromisoa partekatzen dutela adierazi dute Gernika-Lumoko ekitaldianAskatasuna erabakitzea dela eta aske sentitu eta izateko nahiaren mezua igorri zuten milaka euskal herritarrek eta K...
Euskal Herriak eta Kataluniak demokraziagaz eta subiranotasunagaz konpromisoa partekatzen dutela adierazi dute Gernika-Lumoko ekitaldian
Askatasuna erabakitzea dela eta aske sentitu eta izateko nahiaren mezua igorri zuten milaka euskal herritarrek eta Kataluniatik etorritakoek zapatuan Gernika-Lumon. Astraren aparkalekuan egin zuten ekitaldi nazionala «historikotzat» jo dute, eta une hunkigarriak utzi ditu.Gure Esku Dago-k demokraziaren defentsan eta Kataluniari, hango preso politikoei, exiliatuei, errepresaliatuei eta haien senideei elkartasuna adierazteko egin zuen ekitaldia. Hain zuzen, Generalitateko, Assemblea Nacional Catalana-ko (ANC) eta Junts per Catalunya-ko (JxCat) ordezkariek ere parte hartu zuten ekitaldian. Eta Gernika-Lumoko udal ordezkari, elkarte eta eragileetako zein EH Bildu, EAJ eta LAB sindikatuko kideak ere egon ziren bertan.
Bi astean Picassoren Guernica murala margotu zuten aparkalekuan, eta zapatuan 100?50 metroko obra kolektiboa bete zuten bertan bildutakoek. Zuri-beltzean egin bazuten ere, Kataluniari keinu eginez, lanpara horia irudikatu zuten.
Euskal Herriak eta Kataluniak demokraziagaz eta subiranotasunagaz konpromisoa partekatzen dutela adierazi zuten. «Eta Mundu justuagoa eraikitzeko grina ere konpartitzen dugu. Bidaideak gara. Elkarri lagunduz urrunago helduko garela ziur gaude».
Gure Esku Dago-ren izenean Larraitz Zubeldia eta Angel Oiarbide igo ziren Astrako aparkalekuko agertokira. Oiarbideren berbetan, urriaren 1eko erreferenduma «askatasun oihu ozen bat» izan zen: «Mundu osoan entzun dena eta ezin dena inolaz ere isilarazi. Ez gezurrekin, ez gezurretan oinarritutako prozesu judizialekin. Ez kartzelagaz, ez zigorrekin. Ez zuten Gernikan lortu, eta ez dute Katalunian ere lortuko». Orain urtebete demokrazia nagusitu zela nabarmendu zuen: «Bi milioitik gora lagunen bozkatzeko hautua debeku eta indarkeriagaz geldiarazi nahi izan zutenek demokrazia suntsitzeko helburua zuten. Demokrazia katalana suntsitzea. Baina ez zuten lortu; demokrazia herritarra gailendu zitzaien, eta argi bilakatu zen».
Obra kolektiboa
Orduan piztutako argiak «piztuta» jarraitzen duela esan zuen, eta horregatik margotu zutela horiz Picassoren Guernica koadroaren lanpara, «herrien demokrazia nahiaren sinbolo gisa». Gure Esku Dago-k argi horrek piztuta jarraitzeko konpromisoa hartu zuen: «Demokraziaren argi sinbolikoa eskuetan, euskal lurraldeetan erabakiaren bidean aurrera egiteko deia egin nahi dugu gaur ere. Elkarrekin, eztabaidak sustatuz, anbizioz, geure buruari mugak jarri gabe. Eta, noski, herritarrei azken hitza emanez».
Orain dela urtebete euskal herritarrek emandako babesa gogoratu zuen Zubeldiak: «Iazko irailean, milaka lagun Kataluniako erreferenduma babestera kaleratu ginen. Argi izan genuen ariketa demokratiko hura babestu behar zela; herritarren nahia bozkatzea zela, eta botoa emateko aukera bermatu behar zela. Urriaren 1ean milaka euskaldun Kataluniako bozkalekuetan izan ginen. Lekuko eta babesle»
Orduan ikusitako Katalanen determinazioa, kemena, bozkatzeko ilusioa, antolakuntza gaitasuna eta indarkeriak sortutako amorruari aurre egiteko gaitasuna ahaztezinak bezain eredugarriak direla azpimarratu zuen, gainera: «Urriaren 1a mugarri historiko bat da demokrata guztiontzat». Mugarri hori posible egin zuten guztiei eskertza aitortu zieten, bai eta elkartasuna erakutsi ere, «bereziki espetxean eta erbestean daudenei».
Aske nahi dituztelako aske ikusi arte «elkartasunaren oihala ehuntzen jarraituko» dutela esan zuten: «Etorkizuna hobea izango baita herrien arteko elkartasunaren gainean eraikitzen bada».
Erreferenduma
Demokraziaren argia energiaz kargatzen jarraituko dutela esan zuten herri dinamikako kideek zapatuko ekitaldian, «egunero-egunero eta gero eta indar gehiagogaz».
Erabakiaren bidea zabaltzeko mezua igorriz, katalanen moduan euskal herritarrek ere bozkatuko dutela azpimarratu zuten: «Erronka, asmo eta helburu politikoak bideratzeko tresna politikoak eta demokratikoak behar dira. Euskal herritarrok guri dagozkigun gai guztietan erabaki ahal izateko beharrezko tresnak behar eta nahi ditugu. Ez diogu beldurrik askatasunari; ez eta herri honen etorkizuna erreferendum bidez erabakitzeari ere. Gure etorkizuna erabakiz askeago izango gara. Bidean gaude; pausoak ematen ari gara».
Herritarrak izan ziren zapatuko protagonistak, baina, espero moduan, Carles Puigdemontek Belgikatik egindako adierazpenek ikusmin handia sortu zuten. Gernika-Lumora hurbildutakoei eskerrak emanez hasi zuen agerraldia. «Momentuoro sentitu zaituztegu; ez diguzue hutsik egin. Eta badakizue beti zuen alboan izango gaituzuela. Zuen berotasuna sentitzen dugu, eta behar dugu. Norbait mobilizatzen denean, txispa hori heldu egiten da, bai kartzeletako ziegetara eta baita ere milaka kilometrora. Milioika pertsonengana heltzen da».
Europa demokratikoa izan zuen hizpide Puigdemontek, erabakitzeko eskubidea eta herrien autodeterminaziorako eskubidea errespetatuko duena: «Kataluniak bere eskubidea gauzatu zuen, eta hori errespetatzea nahi du. Mobilizatu ziren milioika katalanen eskubidea errespetatzea nahi du. Inoiz ez dugu ahaztuko orduko muturreko biolentzia. Eskerrik asko argi hori pizteagatik. Argi hori hemendik ikus dezakegu, Belgikatik, Eskoziatik, Suitzatik, preso politikoak dauden kartzeletatik… Eta argi horrek piztuta jarraituko du denok askatasuna lortzen dugunean. Gure bihotzean mantenduko dugu argi hori, eta herri guztien askatasunaren eskura egongo da beti».
Elkartasuna adierazi, sentitu eta abestu egiten delako, kantuz amaitu zuten ekitaldia Astran. Gorka Knorren Agure zaharra, L’estaca-ren bertsioa eta Mikel Laboaren Txoriak Txori abestuz jarri zioten doinua zapatuko ekitaldiari.
Arratsaldea borobiltzeko drone bidez grabatu zuten munduari bertaratutakoek bidali izan gura zioten irudia.