Arrakastaz ospatu da
Azaro Fundazioak
adimen lehiakorraren inguruan antolatutako lehen jardunaldia. 30 enpresa eta erakunde baino gehiago batu zituen ekitaldiak Lea-Artibaiko Berrikuntza Gunean.
“Adimen Lehiakorra enpresa batek jasotzen duen informazioa sistematizatu eta ahal bezain beste probetxu ateratzeko prozesu bat da. Gero eta dinamikoagoa, konplexua eta batez ere aldakorra den testuinguru global honetan, enpresek badakite mota honetako estrategiek erabakiak hartzeko eta berrikuntzarako daukaten garrantzia”, azaldu dute. Hala ere, oraindik metodologia horren potentzial guztia ezagutzen ez duenik edo enpresan modu egokian txertatzeko arazoak dituenik badagoela esan dute. Hori dela eta, Azaro Fundazioak kasu praktikoetan ardaztutako jardunaldi bat antolatu zuen Adimen Lehiakorrean oinarritutako berrikuntzari buruz hitz egiteko.
Ruben Arcos Strategic and Competitive Intelligence Professionals espainiako arduraduna azalpenak ematen. Argazkia: Azaro Fundazioa
Jardunaldiak esperientzia handiko hizlariak batu zituen. Alde batetik,
Daniel de los Toyos Eika S. Coop-eko Berrikuntza Zuzendariak Eikan informazioa hiru ikuspuntu ezberdinetatik aztertzen dutela azaldu zuen –informazio teknologikoa, komertziala eta osagaien alor batetik jasotakoa– gero bateratu eta erabaki egokiagoak hartzeko. Bestalde,
Ruben Arcosek SCIP Strategic and Competitive Intelligence Professionals espainiako arduradunak enpresa europarren berrikuntza kudeaketaren analisi bat aurkeztu zuen. Eta azkenik,
Iñaki Liebana Azaro Fundazioko teknikariak Adimen Lehiakorrak zenbait erakundetan porrot egitearen arrazoiak azaldu zituen, akats normalenen berri eman eta informazioa ongi kudeatzeko analistaren irudia ezinbestekoa dela azpimarratuz.
InTool tresnaren azken bertsioa ere aurkeztu zuten jardunaldian. “InTool Azaro Fundazioak garatutako Adimen Lehiakor tresna bat da, erakunde baten barne zien kanpo informazioa automatizatu eta kudeatzea ahalbidetzen duena, ezagutza sortu eta etengabeko berrikuntza dinamika bat ezartzen laguntzeko”, azaldu dute.
Ekitaldiak edukitako harrera ona ikusita ekitaldia
urtero errepikatzea aztertuko duela jakitera eman du Azaro Fundazioak, “Adimen Lehiakorrean oinarritutako berrikuntzaren ikuspuntua eta adibide praktikoak mantenduz”.