D’ Capricho bikote kubatarrak geldialdia egingo du zapatuan Markina-Xemeinen. Danieuris –ahotsa eta pianoa– eta Daniellis –ahotsa– Moya Avila ahizpek osatutako taldea euren kontzertu biraren azken kontzertuetariko bat -urriaren 17an emango dute azkena Bilbon- eskainiko dute 19:00etatik aurrera, Uhagon Kulturguneko oholtza gainean.
Biharkoa Markina-Xemeinen emango duten hirugarren kontzertua izango da, eta Manzanillo-ko (Granma, Kuba) bi ahizpak Uhagoneko agertokian abesteko gogotsu daudela nabarmendu du Daniellis Moyak. «Ezustekoz betetako kontzertua izango da. Aurrekoekin alderatuta, gainera, ezberdina izango da. Markina-Xemeinen aurretik eman ditugun bi kontzertuekin oso pozik geratu gara. Jende asko batu zen aurrekoetan, eta esperientzia errepikatzeko gogotsu gaude».
Bi ahizpek 20 urte baino gehiago daramate oholtzarik oholtzara. Euskal Herrira etorri ziren 2013an, eta ordutik hainbat emanaldi eman dituzte Euskal Herriko hainbat txokotan. Son en sus poemas eta Andrazkubak diskoak plazaratu dituzte Euskal Herrian, eta hirugarren diskoa prestatzen ari dira orain Arrate Mardaras euskal idazlearen olerkiekin. «Arrate Mardarasek berak lagundu zigun gure euskarazko lehen diskoko lau kanturekin, eta azken lana bere olerkiekin osatu dugu».
Musika eta olerkia ardatz. Zapatuan eskainiko duten kontzertuari dagokionez, askotariko kantuak plazaratuko dituzte. Bi ahizpek Kubako zein Euskal Herriko poeta ezagunen hitzak musikatzen dituzte euskaraz zein gazteleraz. Pianoak lagunduta, bi ahotsetan oinarritzen dituzte euren kontzertuak.
Jarraitzaileek ezagunak dituzten dituzten hainbat kantu interpretatuko dituztela jakitera eman dute, baina, horiez gain, «Kubatik ekarritako kantu berriak, ahizpak sortutakoak, disko berriko zein oraindik grabatu gabe dituzten besteren batzuk» entzuteko aukera ere egongo dela aurreratu dute.
Hain zuzen ere, Kubako eta Euskal Herriko doinuen nahasketa dakarte Markina-Xemeinera. Habanera, boleroa, sona, cha-cha-cha, runba…«Betiko legez, kontzertua gure moduan egingo dugu, bihotzetik. Ea gure kantu berriak eta aurrekoak gustuko dituzten entzuleek».
Danieuris eta Daniellis Moya Avila. Argazkia: Zaloa Fuertes
Lea-Artibai eta Mutrikuko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa dugu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.