Gurasoei seme-alaben heziketan laguntzeko hitzaldia eskainiko dute Lekeition
Aulesti eta Lekeitioko Haurreskolako eta Eskola Publikoko guraso eta irakasle batzuak antolatuta, XXI. mendeko haur txikien heziketa, gurasoon erronkak hitzaldia egongo da eguaztenean (urriak 10), 17:00etan, Lekeitioko Eskola Publikoko irakasle gelan. Horretan, seme-alabekin dituzten gatazka edo arazoei zelan aurre egin landuko dute. “Noraino da ona frustrazioa? Zelan esan ezetz umeari? Zelan lortu maitasun, poztasun eta afektuzko etxe giroa?”, galdera horiei guztiei erantzuten saiatuko dira.
Hizlaria Mapi Urresti Ortiz psikologoa, sexologoa eta psikomotrizista izango da. “Urresti Kuttun aholkularitza psikopedagogia taldeko zuzendaria da, eta hainbat hitzaldi eta ikastaro eman ditu aipatutako gaiez. Horrez gain, azken urteotan Haurreskola Partzuergoko irakasleen prestakuntza bideratzen du”.
Hitzaldia herritar guztiei zuzenduta dagoela azpimarratu dute programako kideek. Euskaraz izango da, eta haurtzaindegi zerbitzua egongo dela aurreratu dute.