Lea-Artibai eta Mutrikuko pilotariak aurrez aurre aurkituko dira zapatuan [urriak 6] Xisterako Interjai Txapeketako finalean. Etxebarriko Antxonek eta Ibarluzeak eta Mutrikuko Goixerrik eta Andonegik neurtuko dituzte indarrak Bilboko Deportivon. Ez dago faborito garbirik. Ligaxkan ere elkarren aurka jokatuta daude, eta orduan gipuzkoarrek, Goixerrik eta Andonegik, irabazi zuten. Hala ere, Antxon eta Ibarluzea izan ziren ligaxkako lehen postua lortu eta finalera zuzenean sailkatu zirenak. Emoziorik beraz, ez da faltako.
Andonegi eta Goixerri urdinez eta Ibarluzea eta Antxon gorriz, ligaxkako partiduan. Argazkia: Xistera
«Ligaxkan lehenengo gelditu ginen eta finalera zuzenean sartu, baina zapatuko aurkarien aurka galdu genuen. Ez dut uste faboritorik dagoenik. Nik lehia handia espero dut», adierazi du Antxon Alberdik.
Beste alderditik ere ez dute faboritorik ikusten: «Ligaxkan guk irabazi genien, baina sailkapenean atzetik geratu ginen. Oso bikote ona osatzen dute Antxonek eta Ibarluzeak, eta haiei irabazteko lan handia egin beharko da. Ligaxkako partidak ez du balio, lekua ere ezberdina zen, Pauen jokatu genuen, eta orain Bilbon da. Hau ezberdina izango da», dio Ekaitz Mendizabal Goixerri-k.
Jaialdia 18:00etan hasiko da, eta finalaren aurretik hirugarren eta laugarren postua jokatuko da. Retolaza eta Uriel, Bailo ordezkatuko duen Lalooren eta Manziren aurka lehiatuko dira.
Danok Bat Pelotazale Elkarteak finalera joateko autobusa antolatu du, doan. Bertan izena eman nahi dutenek Miruaitz tabernan (943-60 41 91) eman beharko dute izena. Autobusak 16:30ean irtengo du Txanbolingo biribilgunetik.
Madrilgo Torneoa. Mutilek Bilbon jokatzen duten bitartean, Xisterako neskak Madrilen egongo dira lehiatzen. Zapatu [urriak6] goizean eta arratsaldean, Madrilgo Torneoa jokatuko dute, Complutenseko pilotalekuan. 12:00etan finalerdiak edukiko dituzte, eta 17:00etan, hirugarren eta laugarren postua eta finala.
Arai markina-xemendarrak jokatuko du Madrilen eta Ortiz de Mendibil izango du bikote. Jauregi-Hirigoien, Landa-Merino eta Aldazabal-Lizardi dira parte hartuko duten beste hiru bikoteak. Xistera Euskal Herritik kanpo ariko den hirugarren aldia izango da aurtengoa. Uztailean Bartzelonan (Herrialde Katalanak) egon zen eta irailean Pauen (Frantzia).
Lea-Artibai eta Mutrikuko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa dugu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.