Lea Ibilbideko VIII. Martxa zapatuan egingo dute
Zortzigarren urtez egingo dute Lea Ibarreko udalerriak zeharkatzen dituen ibilbide ezaguna, eta aurten ere horietako bizilagunek ez dute hutsik egingo.
Hain zuzen, urriaren 1a arte egon da aurretiaz izena emateko aukera, eta 240 bat pertsonak izena eman dute. Aldez aurretik izena ematen duten horiek kopaua izango dute Munitibarreko Bengolako parkean, 12:00etatik aurrera.
Horrez gain, Lea Ibarreko jatetxe batean 100 eurotako jatordu bat zozkatuko dute aurrez izena eman dutenen artean.
Hala ere, urtero moduan, aurrez izena eman gabe ere egin daiteke Lea Ibilbideko Martxa. Gainera, umeekin, familian egiteko oso aproposa da. Izan ere, ibilbide luzea (Lea Ibilbide osoa) eta ibilbide laburra daude aukeran.
20,5 kilometroko ibilbidea egingo dutenak 08:15ean irtengo dira Mendexako Marierrotatik. Normalean, lau bat ordutan burutzen dute ibilaldia. Aulestitik Munitibarrera arteko 7 kilometroko ibilbidea egingo dutenak Errekondoko parketik aterako dira, 10:30ean.
Anoa postuak. Parte hartzaileek ibilaldian indarberritzeko aukera edukiko dute aurten ere. Bi hornidura-pontu jarriko dituzte. Bata, Gizaburuagako Errotazar lasaigunean egongo da, eta bestea, aldiz, Aulestiko parkean. Ohi legez, norberak bere kantinplorak eta botilak eramatea gomendatu dute antolatzaileek, ibilbidean zehar dauden iturrietan urez betetzeko aukera izango dutelako.