Zahartze aktiboa sustatu nahi duen BiziPoz proiektu berria aurkeztu dute gaur [urriak 9] Lekeitioko kultur etxean. Lekeitioko Udalak Caixaren Gizarte Ekintzaren laguntzagaz antolatu duen egitasmoak 55 urtetik gorako pertsonen formakuntza eta parte hartze soziala bultzatzea du helburu. Bi hilabeteko programa bat izango da, eta atal bi izango ditu: formakuntza eta parte hartze sozialeko atala.
Formakuntza atalaren baitan zortzi tailer emango dituzte, eta tailerren bitartez adimen emozionala, bakardadea, belaunaldien arteko harremanak eta teknologia berriak landuko dituzte. “Psikologo eta Gerontologoen laguntzagaz dinamizatuko ditugu tailerrak”, azaldu du Eider Etxebarria proiektua eramango duen BiziPoz kooperatibako kideak. Bestalde, alderdi soziala landuko dute eta horretarako Denboraren Bankua eta Jubilatuen elkarteko dinamizazio teknologikoa aurrera eramateko proiektuak garatuko dituzte.
Bi hilabeteko formakuntza emango dute urriaren 31n hasi eta abenduaren 19ra bitartean. “Bi ordutako tailerrak emango ditugu eguaztenero, jubilatuen etxean, 17:00etatik 19:00etara”. Beste proiektu biak Denboraren bankua eta Jubilatuen elkarteko dinamizaioa tailerren orduetatik kanpo landuko dituzte.
Tailerretan parte hartzeko izena eman beharko da aldez aurretik, gizarte zerbitzuetan edo 94 603 41 00 telefono zenbakira deituta. “Bizipoz bizitza izateko izena ematen duten parte hartzaileen kezka eta beharrei erantzuten saiatuko gara”, esan dute. Izena emateko azken eguna urriaren 22a izango da.
Aldeko apostua. Lekeitioko Udalak beti hirugarren adineko pertsonei zuzenduta dauden ekintza eta programen aldeko apostua egiten duela azpimarratu du Amaia Antxustegi Lekeitioko Udaleko Gizarte Ongizate, Emakumea eta Berdintasuna zinegotziak, eta BiziPoz ildo horretatik doala azaldu du. “Bizi itxaropena luzatu egin da, adinekoen eguneroko bizimodua eta interesak aldatu egin dira eta horri erantzuna eman behar zaio. Gainera, Bizkaian esate baterako 2020 urtean 65 urtetik gorako pertsonak %23,26 izango dira. Hori dela eta, adinekoen gaitasuna bultzatu egin behar da, zahartzaroan bidelagun izan behar da, eta haien jarduerak hainbat esparrutan luzatzea posible egiten dituzten ekintzak eta jarduerak egin behar dira”.
Eider Etxebarria BiziPoz kooperatibako kidea, Amaia Antxustegi zinegotzia eta Joseba Argoitia Caixaren Gizarte Ekintzako arduraduna.
Antxustegik gogora ekarri du bai eta ere zahartze aktiboa ez dela soilik adineko pertsonen bakarkako garapenera mugatzen. “Haratzago doa, belaunaldien arteko harremana ere bilatzen da eta horrek bi helburu ditu: alde batetik adineko pertsonen esperientzia balorean jartzen da eta bestetik, gazteek ezagutzen ez dituzten kultura, jarrera, jarduera eta ikuspuntu ezberdinak bereganatzen dituzte harreman horren bidez, eta hori denontzako da aberasgarria”.
Ekintza berriaren babesle da Lekeitioko Udalagaz batera Caixaren Gizarte Ekintza. Joseba Argoitia Caixaren Gizarte Ekintzako zonaldeko arduradunak jakitera eman duenez, Caixaren Gizarte Ekintzak 520 milioi erabiltzen ditu urtero, eta euretatik bi herenak arazo handienetan laguntzeko erabiltzen dituzte: pobrezia, langabezia, etxebizitza arazoak bai eta gaixotasun larrientzat ere. “Hala eta guztiz ere, pertsona nagusien zahartzaroan laguntzeko zahartzaro aktiboa lantzeko programak ere baditugu. Proiektu hauekin gauza bi lantzen dira, pertsona nagusienganako errespetua eta gaur eguneko gizarte modernoaren gaitz haundi bat den bakardadea”.
Caixaren Gizarte Ekintza aurrekontutik parte bat CaixaBankeko bulegoetatik kudeatzen dela zehaztu du Argoitiak eta horrela egiten dutela ahalik eta leku gehienetara ailegatzeko. “CaixaBanken lan egiten dugunok oso harro gaude laguntza guzti hauek emateaz eta gaur ere oso pozik gaude kasu honetan Lekeitioko BiziPoz proiektuan parte hartzeagatik”.
Lea-Artibai eta Mutrikuko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa dugu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.