2019rako berdelaren kuota jaistea proposatu dute
Nazioarteko Itsasoaren Ikerketa Kontseiluak (ICES) berdelari buruz aurkeztu duen azken ikerketaren arabera, berdelaren kuota nabarmenki jaistea gomendatzen du 2019rako. Datorren urtera begira, hain zuzen, kuota %42 jaistea proposatu dute.
Erakundeak 550.948 tonako kuota gomendatu zuen Europa guztirako 2018an, eta datorren urterako, berriz, 318.403 tonakoa proposatu dute erakundeko zientzialariek. Hau da, gomendio horiek jarraituz gero aurtengoaren aldean %42 gutxituko litzateke kuota.
Kuota murriztea, zehatz esanda, bi arrazoigatik proposatu dute. Alde batetik, berdelaren ugaltze biomasa gutxitu egin da 2011tik, eta, bestetik, arrainaren heriotza tasa jasangarria izango litzatekeenaren gainetik dago.
Kantauri itsasoan arrantzatzen duten baxurako arrantzontziei dagokionez, berdelaren kuota jaisteak eragin nabarmena izango luke bertoko ekonomian. Gaiak arrantzaleak kezkatu ditu.Aurten %20 jaitsi dute kuota. Hau da, 2017koa 38.400 tonakoa izan zen eta 2018koa, berriz, 30.700 tonakoa. Murrizketa horien eraginez, aste gutxitan amaitu dute aurtengo berdeleta, eta datorren urtera begira murrizketak areagotzen badira, gehiengoraren mugara azkarrago ailegatzea aurreikusten dute arrantzaleek.