Iñigo Martinez eta Asier Illarramendi, Euskal Selekzioaren deialdian
Iñigo Martinez Athleticeko jokalari ondarrutarrak eta Asier Illarramendi Realeko jokalari mutrikuarrak Euskal selekzioaren deia jaso dute. Jose Mari Amorrortuk eta Mikel Etxarrik hemezortzi jokalariko zerrenda osatu dute Venezuelako selekzioari aurre egiteko.
Hegoamerikako selekzioko jokalaririk onenen aurkako partidua barikuan [urriak 12] jokatuko dute Gasteizko Mendizorrotza estadioan. Euskal futbolaren festa 20:45ean hasiko da. Partidua, gainera, Euskal selekzioak FIFA egutegian jokatuko duen lehena izango da.
Deialdia gaur [urriak 10] eman du jakitera Euskadiko futbol federakundeak. Jokalariek eguenean [urriak 11] egingo dute lehen lan saioa, 17:00etan, Gasteizko Ibaia kirol instalazioetan.
Kepa, Espainiakoagaz. Kepa Arrizabalaga Chelsea taldeko atezaina, berriz, Espainiako selekzio absolutuagaz jokatzera deitu dute. Ondarrutarra Luis Enriqueren esanetara ariko da Galesen eta Ingalaterrako lagunarteko neurtuketetan. Galesen aurkako neurketa eguenean [urriak 11] jokatuko dute Cardiff-en. Ingalaterraren aurkakoa, berriz, urriaren 15ean jokatuko dute Sevillan.