Inoizkorik parte hartze handiena izango du Mutrikuko pala txapelketak
Danok Bat pelotazale elkarteko kideek jakitera eman dutenez, aurten 27 bikotek eman dute izena Mutrikuko pala txapelketan. Txapelketa, ohi modura, bi mailatan jokatuko da. 1. mailan zortzi bikote ariko dira lehian eta 2.mailan, aldiz, hemeretzi. “Aurten bikote askok eman dute izena, inoizkorik gehien”.
Txapelketak urte asko daramatza martxan, eta ondo errotua dago. Herritarrez gain, beste hainbat tokitako parte hartzaileak ere izango dituzte aurten. “Berriatuko, Amorotoko, Soraluzeko, Ermuako eta Tolosako bikoteek eman dute izena 1. mailan. 2.mailan, berriz, Lekeitiokoak, Ondarroakoak, Eibarkoak, Elgoibarkoak, Soraluzekoak, Zumaiakoak… izango ditugu”.
Txapelketako lehen partiduak asteburuan jokatuko dituzte. Pilotazaleek lehen hitzordua barikuan [urriak 12] izango dute Miruiatz frontoian, 21:00etatik aurrera. Denetara bost partidu jokatuko dituzte lehen jardunaldian. “Zapatu goizean beste partidu bat jokatuko dute, eta domeka goizean, beharbada, beste bat”.
Antolatzaileek azaldu dutenez, txapelketa abenduaren erdialdean amaitzea aurreikusten dute. Hasteko, ligaxka bat jokatuko dute maila bakoitzeko bikoteak taldeka banatuta. 1. mailan lau bikoteko bi talde osatuko dira, eta talde bakoitzetik bina bikote sailkatuko dira finalerdietarako. 2. mailan, aldiz, lau talde osatuko dira: bost bikotez osatutako hiru eta lau bikotez osatutako bat. Talde bakoitzetik bina sailkatuko dira final-laurdenetarako.