Egunotan baxurako arrantzontzi asko itsasoratu dira arrain nahian, baina arrain oso gutxi lehorreratu dute Ondarroako portuan. “Sardina arrantzatu nahian dabiltza, baina ez dute aurkitzen. Urak ere nahikoa epel jarraitzen du oraindik, eta ez da agertu inguruotan”. Kalare Deuna kofradiako arduradunek jakitera eman dutenez, batez ere,
betandia saldu dute bentan.
Betandi gutxi saldu bada ere, nahikoa merke saldu da arraina; kiloa
55 zentimo inguruan. Tamaina aldetik ere txikia izan da lehorreratu dutena; kiloan lauzpabost ale sartzen dira. Gaur [urriak 11], goizeko lehen orduetan, esate baterako, Egidazu Kaian arraina deskargatzen ibili diren gehienek betandia lehorreratu dute. Aurreko bi egunotan, bestalde, 10.000 bat kaxa lehorreratu dituzte. Eguaztenean [urriak 10] 6.000 kaxa inguru saldu zituzten eta martitzenean [urriak 9], berriz, beste 4.000 bat kaxa.
‘Gamecho’ ontziko marinelak, gaur, betandi kaxa bat eskuetan
Betandiaz gain,
haginzorrotza ere lehorreratu dute asteon. Kofradiako arduradunek igorritako datuen arabera, bi bat ontzik lehorreratu dute arraina. “600 bat kaxa lehorreratu ditu ontzi bakoitzak, gutxi gorabehera. Ale bakoitza hiru bat kilokoa izan da, eta haginzorrotz kiloa 3 euro bueltan saldu da bentan”.