Beste urte batez, Ondarroako Udalak, Berdintasun Kontseiluak eta Etxelila emakumeon topalekuak, Bizkaiko Emakumeentzako Jabekuntza eskolen sarearekin batera, ikasturte osorako jabekuntza eskolak antolatu ditu. Teoria feministan sakontzeko eta ingurunea hobeto ulertzeko tresnak eskainiko dizkie ikastaro bakoitzak Ondarroako emakumeei.
Urritik hasi eta
ekainera bitartean, hainbat ikastaro eskainiko dituzte aurten ere Ondarroako Emakumeentzako Jabekuntza Eskolan. Ikastaroen arduradunek azaldu dutenez, aurten ere hainbat arlo landu eta beste hainbat esparru ukituko dituzten ikastaro sorta eskainiko dute Etxelilan. Feminismoa lantzen jarraitzeko, besteak beste, ekonomia feminista, literatura, komunikazioa, pedagogia, sexualitatea, genero nahasmendua, osasuna edota zahartzaroa landuko dituzte beste hainbat gairen artean.
Ondarroa Aringaingan taldeko kide batzuk
Merkatua edo bizitza? Gako feministak bizitza hobeak eraikitzeko deritzon ikastaroa izango da ikasturteko lehena. Silvia Piris Lekuona soziologoa eta Amaia Perez de Orozco ekonomia feministan aditua izango dira ikastaroko irakasleak, biak ere
Colectiva XXK Feminismos, pensamiento y accion taldeko kideak dira. Ikastaroak zortzi orduko iraupena du, eta bi saiotan banatuta egingo da.
Urriaren 19an, 16:30etik 20:30era egingo da saioa eta urriaren 20an, berriz, 10:00etatik 14:00etara. Ikastaroaren matrikula 5 eurokoa da.
Epea zabalik. Gogorarazi dutenez, Jabekuntza Eskolan matrikulatzeko epea zabalik dago. Izena ematerako orduan
matrikula fitxa bete eta ordainketa egin beharko da. “Matrikula ez da onartuko matrikula fitxa bete eta ikastaroa ordaindu arte. Eta behin matrikula eginda, baja emanez gero, ez da dirurik itzuliko”.
Matrikulazia, goizetan, Udal Diru Bilketa bulegoan (Kantoipe 3an) egiteko aukera egongo da, eta arratsaldeetan, martitzenetik barikura, Etxelilan (Artibai 3, 1. solairuan). Ikastaro bakoitzaren prezioa
5 eta 10 euro bitartekoa da, baina oinarrizko errenta jasotzen dutenek eta 20 urtetik beherako gazteek %50eko deskontua izango dute. Ohi modura, ikastaro bakoitzeko lagun kopurua bete ahala itxi egingo da matrikulazioa; bestela, ikastaroa hasi arte egin daiteke matrikula. Hori bai, talde bakoitzeko, gutxienez, zazpi lagun egon beharko dira.
Aurten ere, Txirrimorraskik kudeatuko duen haurtzaindegi zerbitzua eskainiko da ikastaro guztietan. Antolatzaileek nabarmendu dutenez, zerbitzu hori behar dutenek astebete aurretik jakinarazi beharko dute.
Eskola hutsa baino gehiago. Urtez urte Etxelilaren baitan antolatzen diren ekimenak gorantz doazela ikusirik, pozik agertu dira udal ordezkariak. Azpimarratu dutenez, Ondarroako Emakumeentzako Jabekuntza Eskolak ez du eskola hutsa izan nahi, parte hartze gunea baizik. “Parte hartze guneak zabalduko ditugu, eta horietan parte hartzera animatzen zaituztegu: Aringaingan kirol taldea, literaturaz eztabaidatzeko gunea, hipopresiboen taldea, andrabanda feminista eta neska gazteen txokoa”.
Jabekuntza Eskolen Topaketak, Ondarroan. Argazkia: Etxelila
Aringaingan taldearen aurkezpena, esaterako, urriaren 23an egingo dute 19:00etan. Talde horretan edozeinek parte hartu ahal izango du, Arantza Burgoa Agirregomezkorta dinamizatzaile ondarrutarraren eskutik. Urriaren 26an, berriz, Neska gazteen txokoa aurkeztuko dute 19:00etan, Etxelilan. Zalantza eta kezkak partekatzeko gunea izango da, eta feminismoaz hazteko irrikaz dagoen guztiari zuzendutako txokoa da.
Literaturaren inguruan hausnartzeko eta eztabaidatzeko tartea ere egongo da Etxelilan. Horretarako, literatura, irakurketa eta ikuspegi kritikoa ikuspegi feministatik lantzeko interesa duen guztiak hileko azken barikuetan izango du horretarako aukera. Hipopresiboen taldea ere astean behin batuko da. Talde irekietan parte hartzeko interesa dutenek Etxelilan eska dezakete informazioa.
HEMEN aurtengo egitarau osoa.