Motxilaren umeagaz hasitako bideari jarraituz ‘Azken arnasa arte’ filma estreinatu dute Rita Naveira eta Koldo Zelestinok. Domekan [urriak 11] emango dute filma, 12:00etan, Lekeitioko Ikusgarri aretoan.
Dispertsioak euskal presoen seme-alabengan eragiten duen egoera islatu zenuten Motxilaren Umean, orain, berriz, nagusien errealitatea jaso duzue.
Motxilaren umean nagusien presentzia oso nabaria zen. Aitita hor zegoen, oso presente, ama- aita eta umearen arteko lotura zen. Umeak konfiantza dauka aititagaz, aitita da bere erreferente eta gertatzen ari denari buruzko galderak berari egiten dizkio. Guk ume eta gazteekin lan egiten dugu eta beti ikusten dugu aitita-amamen presentzia edo beraiek egiten duten lan guztia oso garrantzitsua dela umeekiko. Ideia horri bueltak ematen ibili ginen; zelan, momentu honetan, nagusiak dira protagonismoa hartzen ari direnak, kalera ateratzen ari direnak, eurei esker lortu dira hainbat gauza. Manifestazioetan ateratzen dira kalera, gure umeak zaintzen dituzte, gure familiak… azken finean mantendu egiten gaituzte. Gizarteak eramaten gaituen estres egoera horretan egundoko babesa daukagu beraiek daudelako, eta daramagun abiadura horretan jarraitu ahal dugu eurak hor daudelako beti.
Senide edo seme-alabak kartzeletan dituztenentzat lana astunagoa izango da.
Nagusi batzuk euren senide eta seme-alabak hainbat kilometrotara dituzte, eta daukaten ardura guzti horiei beste sama hau ere gehitu egiten zaie. Hala ere, pozik erantzuten dute eta ez dute ezer eskatzen, nahiz eta egundoko ahalegina egin garrantzia guztia kentzen diote egiten dutenari. Hori guztia atera nahi genuen gure nagusien ganako omenaldi bat bezala, ez sufrimendua erakusten ez eta era melodramatiko batean, gertaerak diren modura mahai gainean jarri nahi izan ditugu, eta oparitxo bat bezala, 22 minutuko film labur bat egin genuen.
Rita Naveira.
Guzti hori islatzeko, zer kontatu duzue film labur honetan?
Hiru istorio kontatzen dira, osatu egiten direnak. Jose Angel dago alde batetik, Ramoni bestetik, eta Lurdes da hirugarrena. Lurdes gaixorik dago, Alzheimerra dauka, eta ez du ezagutzen ia inor, eta beraz, jada ezin da joan bisitan. Momentu baten Lurdes hil egiten da, eta aldakak txarto zituela eta semea aspalditik bisitatu barik zegoen Ramonik bere alabari mezua utzi eta kartzelara bisita egitera joatea erabakitzen du. Hori da adierazi nahi duguna, azken arnasa arte gure nagusiak beti daudela prest bisitara joateko, familia elkartzeko…
Filmean kontatzen dena errealitatean oinarritutako fikzioa da oraingoan ere?
Guk ikusi dugun errealitatetik hartu ditugu ideia batzuk. Hainbat drama atera ditugu. Alzheimerrarena egundoko drama dela iruditu zitzaigun , baina ez dela gehiegi azaltzen, eta hor dago. Aldakaren pertsonaia ez dago larri, baina ezin du bidaiatu. Semea hurbilago egongo balitz ikusi ahalko luke, eta hori zen hori erakusteko era bat. Begira ze erraza izango zen egoera horregaz amaitzea, eta begira zenbat jende dagoen sufritzen.
Protagonista gehienak ez dira profesionalak, gainera.
Horrelako gai bat gizarteratzeko orduan ikus-entzunezkoek egundoko aukera ematen dute, eta gainera, film laburrak direnean, pirulatxo bat izango balira bezala telefonotik, ordenagailutik horrelako gauza laburtxo bat ikusten duzu eta berehala enpatia sentitzen duzu sufritzen ari diren horiekin. Horregatik ere errepikatu dugu molde hori. Istorioa fikzioa da , baina bai dago oinarrituta bizitza errealean. Hor agertzen direnak ez daude sufritzen hor agertzen dena, nahiz eta batzuk, Jose Angel bezala, alaba kartzelan eduki, edo Ramonik bezala, gaur egun kanpoan badago ere, barruan izan duen semea. Horrek ematen dio filmari naturaltasuna eta sinesgarritasuna. Profesional batek egingo balu oso polita geratuko litzateke, baina azkenean, hor agertzen direnak ez dira zinemako profesionalak, bai ordea bizitzan errealitate hori bizitakoak. Askoz gehiago transmititzen dute, dituzten elkarrizketak oso naturalak dira eta ez zaie egoera horretan jartzea kostatzen.
Itziar Ituño aktoreak ere parte hartzen du.
Bera da profesional bakarra. Lurdesegaz agertzen da, hil egiten den emakumeagaz, eta bere benetako ama da. Parte hartzeko aukera komentatu genionean Itziarren ama prest agertu zen lehen momentutik, eta ama-alabena egiten dute filmean. Kamara aurrean biak batera agertzen diren lehenengo esperientzia izan da bientzat.
Aurkezpenak egin dituzue Bilbon eta Hernanin, zelako harrera izaten ari da filma?
Hernaniko aretoa bete egin zen. Bertan grabatu genuen filmaren erdia baino gehiago, eta sei pertsona herrikoak dira. Jendea pozik zegoen eta gu ere pozik. Gure lana ez da profesionala, gure baliabideak oso txikiak dira eta gure baliabide txikiekin oso ikus-entzunezko polita gelditu da, bihotzera heltzen dena, agian ez ditu egundoko eszenak izango, baina gure intentzioa bihotzetara heltzea da, bihotz guztietara eta buru guztietara. Hau da, ideologia guztietara. Eta Hernanin eta Bilbon ikusi genuenagatik lortu dugula uste dut.