Jabekuntza Eskolak teoria feministan sakontzeko aukera eskainiko du
Urrian hasi eta ekainera bitartean, hainbat ikastaro eskainiko dituzte. Hilaren 19an hasiko da lehenengo ikastaroa. Aurten ere parte hartze guneak zabalduko dituzteBeste urte batez, Ondarroako Udalak, Berdintasun Kontseiluak eta Etxelila emakumeon topa...
Urrian hasi eta ekainera bitartean, hainbat ikastaro eskainiko dituzte. Hilaren 19an hasiko da lehenengo ikastaroa. Aurten ere parte hartze guneak zabalduko dituzte
Beste urte batez, Ondarroako Udalak, Berdintasun Kontseiluak eta Etxelila emakumeon topalekuak ikasturte osorako Jabekuntza Eskolak antolatu ditu, Bizkaiko Emakumeentzako Jabekuntza eskolen sareagaz batera. Teoria feministan sakontzeko eta ingurunea hobeto ulertzeko tresnak eskainiko dizkie ikastaro bakoitzak Ondarroako emakumeei.Urrian hasi eta ekainera bitartean, hainbat ikastaro eskainiko dituzte aurten ere Ondarroako Emakumeentzako Jabekuntza Eskolan. Ikastaroen arduradunek azaldu dutenez, aurten ere hainbat arlo landu eta beste hainbat esparru ukituko dituzten ikastaro sorta eskainiko dute Etxelilan. Feminismoa lantzen jarraitzeko, besteak beste, ekonomia feminista, literatura, komunikazioa, pedagogia, sexualitatea, genero nahasmendua osasuna edota zahartzaroa landuko dituzte beste hainbat gairen artean.
Merkatua edo bizitza? Gako feministak bizitza hobeak eraikitzeko deritzon ikastaroa izango da ikasturteko lehena. Silvia Piris Lekuona soziologoa eta Amaia Perez de Orozko ekonomia feministan aditua izango dira ikastaroko irakasleak; biak ere Colectiva XXK Feminismos, pensamiento y accion taldeko kideak dira. Ikastaroak zortzi orduko iraupena dauka, eta bi saiotan banatuta egingo da. Urriaren 19an 16:30etik 20:30era egingo da saioa, eta urriaren 20an, berriz, 10:00etatik 14:00etara. Ikastaroaren matrikula 5 eurokoa da.
Epea zabalik
Gogorarazi dutenez, Jabekuntza Eskolan matrikulatzeko epea zabalik dago. Izena ematerako orduan matrikula fitxa bete eta ordainketa egin beharko da. «Matrikula ez da onartuko matrikula fitxa bete eta ikastaroa ordaindu arte. Eta matrikula egin eta gero baja emanez gero, ez da dirurik itzuliko».
Matrikulazia goizetan Udal Diru Bilketa bulegoan (Kantoipe 3an) egiteko aukera egongo da, eta arratsaldeetan, martitzenetik barikura, Etxelilan (Artibai 3, 1. solairuan).
Ikastaro bakoitzaren prezioa 5 eta 10 euro bitartekoa da, baina oinarrizko errenta jasotzen dutenek eta 20 urtetik beherako gazteek %50eko deskontua izango dute. Ohi modura, ikastaro bakoitzeko lagun kopurua bete ahala itxi egingo da matrikulazioa; bestela, ikastaroa hasi arte egin daiteke matrikula. Hori bai, talde bakoitzeko, gutxienez, zazpi lagun egon beharko dira.
Aurten ere, Txirrimorraskik kudeatuko duen haurtzaindegi zerbitzua eskainiko da ikastaro guztietan. Antolatzaileek nabarmendu dutenez, zerbitzu hori behar dutenek astebete aurretik jakinarazi beharko dute.
Ikastaroei buruzko informazio gehiago nahi dutenek Etxelilara jo dezakete.
Eskola hutsa baino gehiago
Urtez urte Etxelilaren baitan antolatzen diren ekimenak gorantz doazela ikusirik, pozik agertu dira udal ordezkariak.
Azpimarratu dutenez, Ondarroako Emakumeentzako Jabekuntza Eskolak ez du eskola hutsa izan nahi, parte hartze gunea baizik. «Parte hartze guneak zabalduko ditugu, eta horietan parte hartzera animatzen zaituztegu: Aringaingan kirol taldea, literaturaz eztabaidatzeko gunea, hipopresiboen taldea, Andrabanda feminista eta Neska gazteen txokoa».
Aringaingan taldearen aurkezpena, esate baterako, urriaren 23an egingo dute, 19:00etan. Talde horretan edozeinek parte hartu ahal izango du, Arantza Burgoa Agirregomezkorta dinamizatzaile ondarrutarraren eskutik. Urriaren 26an, berriz, Neska gazteen txokoa aurkeztuko dute, 19:00etan, Etxelilan. Zalantza eta kezkak partekatzeko gunea izango da, eta feminismoaz hazteko irrikaz dagoen guztiari zuzendutako txokoa da.
Literaturari buruz hausnartzeko eta eztabaidatzeko tartea ere egongo da Etxelilan. Horretarako, literatura, irakurketa eta ikuspegi kritikoa ikuspegi feministatik lantzeko interesa duen guztiak hilabeteko azken barikuetan edukiko du horretarako aukera. Hipopresiboen taldea ere astean behin batuko da, Etxelilan.
Talde irekietan parte hartzeko interesa dutenek Etxelilan eska dezakete informazioa