Euskal Herriko intsinis pinuei kalte egiten dien xingola marroiaren eta gorriaren gaixotasunen aurkako plan bateratu bat aurkeztu dute Eusko Jaurlaritzak eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako aldundiek. Neurri esanguratsuena da pinuak oxido kuprosoarekin tratatuko dituztela. Fungizida horrek emaitza onak izan ditu beste zenbait tokitan euskal pinuei kalte egin dien onddoaren antzekoen aurka.
Tratamendua airez egiten da, eta horretarako beharrezko baimen berezia eskatu diote Espainiako Gobernuari. 2019ko udaberrian eman nahi diete tratamendua. Erakundeek espero dute udazkenean eta neguan gaixotasunaren eragina txikitzea, hotzak onddoa ahultzen baitu.
«
Une garrantzitsua iritsi da. Gaixotasunaren azterketa egin ondoren, nahiko argi daukagu zer egin nahi dugun. Instituzio guztiak batera sektore ekonomiko garrantzitsu honi laguntzeko», adierazi zuen Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapenerako sailburuak, atzo, Donostian, alboan zituela Elena Unzueta Bizkaiko Ingurune Naturala Zaintzeko diputatua, Eduardo Aginako Arabako Nekazaritza diputatua eta Ainhoa Aizpuru Gipuzkoako Landa Inguruneko diputatua. «Basogintza gure mendietatik desagertzea saihestu nahi dugu, Suteak sortuko lirateke, eta biodibertsitatearentzat kaltegarria izango litzateke», gehitu zuen Aizpuruk. Basogintzaren garrantzia estrategikoa ere aldarrikatu zuen, 21.000 enplegu hari lotuta egoteaz gain, basoek hiru lurraldeetako azaleraren %50etik gora betetzen dutelako. XIX. mendean Kaliforniatik ekarritako intsinis pinuak betetzen du baso horien zati handi bat (%31), eta haietako heren bat daude zuhaitzak gaixotzen eta ahultzen dituzten onddoek jota.
Ipar Euskal Herrian, praktikoki ez dago intsinis pinurik, eta Nafarroan, ipar-mendebaldeko ibarretan dago nagusiki, baina ez dute Bizkaian, Gipuzkoan eta Araba iparraldean duten azalerarik (baso azaleraren %3 inguru dira Nafarroan).
Zuhaitz gaixoei fungizidekin tratamendua emateaz gain,
onddoei erresistenteak diren koniferoak bilatuko dituzte erakundeek, Neikerren eta Frantziako Indraren laguntzarekin. Gainera, aholkularitza zerbitzu bat eskainiko diete aldundiek hiru lurraldeetako baso-jabeei, jakin dezaten zuhaitzak mozteaz gain zein alternatiba dagoen.
TESTUA: Berria
HONEKIN LOTUTA: Pinuak gaixotzen hasi dira (ERREPORTAJEA 2018-09-28)