Euskal Herriko familia eta pertsonak atzerritik etorritakoekin bazkari baten biltzea helburu duen egitasmoa da Bizilagunak. Berriatuan iaz egin zuten estreinako, eta zortzi parte hartzaile egon ziren; lau bazkari antolatu zituzten. Bada, iazkoari jarraituz, aurten ere beste horrenbeste edo gehiago egin nahi dute.
Azaroaren 11n, 14:00ak aldera, egingo dira bazkariak. “Bazkari bakoitzean Euskal Herriko familia bat, familia etorkin bat eta dinamizatzaile bat bilduko dira bi familietako baten etxean”. Antolatzaileek esan dute garrantzitsua dela azaltzea familia kontzeptua norberak erabakitzen duela. “Izan ahal da bakarrik bizi den pertsona bat, bi lagun…”.
Izen-ematea. Egitasmoan parte hartu eta esperientzia bizi nahi duten herritarrek urriaren 31ra arte izena eman ahal dute, 615 84 34 20 telefono zenbakira
WhatsApp-a bidalita edo
bizilagunakberritxu@gmail.com helbidera idatzita. “Izena emateko epea amaitu eta gero, antolatzaileok bazkaritan batuko diren bi aldeak antolatuko ditugu”. Izena ematerakoan
anfitrioi edo gonbidatu modura parte hartu nahi den zehaztu behar dela esan dute. “Eskualdeko beste herriak ere euren herrietan ere egitasmoa abian jartzera gonbidatzen ditugu”.
Berriatuarrak Gipuzkoako Bizilagunak elkartekoekin daude harremanetan. “Gipuzkoan herri ezberdinetan egiten da egitasmo hau. Eta haiek ere azaroaren 11n batuko dira bazkaltzen”.
Bazkariak etxebizitzetan egingo badira ere, bazkalaurretik, 13:00ak aldera, denak plaza inguruan batuko direla aurreratu dute. “Egitasmo polita da, eta izena eman ez duten herritarrak animatu nahiko genituzke”.
Iaz Berriatuko Bizilagunak egitasmoan parte hartu zuten herritarrak. Argazkia: Bizilagunak Berritxu
Ekintza egin aurretik,
urriaren 28an,
Bizilagunak Zirkus deritzon jaia egingo da Donostiako Sagues auzoan. “Kultura ezberdineko jendea batzen den egun osoko jaia izaten da. Horretan tailerrak eta bestelako ekintzak egiten dira, baita ere bazkari erraldoi bat”. Jai horretara joateko berriatuarrek autobusa ipiniko dute. Iaz, esaterako, Bizilagunak Zirkus jaia herrietako bazkariak egin eta gero egin zela esan dute berriatuarrek. “Aurten, baina, aurretik egingoda. Beraz, lehenengo harremanak egiteko balio dezake”.
Aurten zazpigarren urtez. Bizilagunak egitasmoa 2012an egin zen estreinakoz Euskal Herri mailan. Ordutik, 10.000 herritar inguruk parte hartu dute, dinamizatzaileak barne. Iaz, esaterako, 2.000 baino gehiago izan ziren txoko ugaritan mahai baten inguruan bazkaritarako elkartu ziren bertako eta atzerritar jatorriko familiak.