Ekintzak egingo dituzte Mutrikun, Bularreko Minbiziaren Nazioarteko Egunaren harira
Urriaren 19a da Bularreko Minbiziaren Aurkako Nazioarteko Eguna. Horren aurrean, Mutrikuko Minbiziaren Kontrako elkarteak bularreko minbiziaren aurrean kontzientzia pizteko ekintzak antolatu ditu. Alde batetik, urriaren 17tik [eguaztena] 19ra [barikua] bitartean, pankarta ipiniko dute udaletxeko balkoian, “herritar guztiek egunaren berri izan dezaten”.
Horrez gain, hiru egunetan, herriko establezimenduetan eta leku publikoetan lazo arrosak banatuko dituzte. Barikuan, gainera, elkarteko kideak zaharren egoitzara joango dira, lazoak eta gozokiak banatzera.
Deialdia egiteaz batera, Minbiziaren Kontrako elkarteak gogorarazi du minbiziak jota dauden gaixoei laguntzeko boluntarioak behar direla, “batez ere gizonezkoak”. Boluntarioen inguruko informazioa jaso edota boluntario modura aritu nahi dutenek elkarteak Eibarren daukan egoitzara deitu ahal dute (943-20 24 94).
Bide beretik, elkarteak Gabonetako loteria salgai ipini duela gogorarazi dute. Herriko farmazietan eta zenbait dendatan dago salgai.