609 pertsonak izena eman dute Aulestiko XIII. Ermitarik Ermita mendi martxarako
Aulestiarrek hamahirugarren urtez egingo dute Ermitarik Ermita mendi martxa zapatuan [urriak 20], eta aldez aurretik 609 pertsonak izena eman dute. Egunean bertan ere plazan izena eman ahalko da, baina, orduan izena ematen dutenek ez dute kamiseta ziurtatuta. 14 urtera artekoek 7 euro ordaindu behar dituzte, eta 14 urtetik gorakoek, 15 euro.
Naturaz gozatuz, herriko ondarearen parte garrantzitsu bat ezagutzeko aukera eskaintzen du ibilaldiak. Izan ere, leku hauetan dauden 11 baselizetatik egiten dute martxa: San Anton, Santutxu, Urregarai, Malats, Zubero, Urriola, Murelaga, Garatxaga, Lekerika, Narea eta Elizatxu. Horiek lotzen ditu 25 kilometro dituen ibilbide luzeak. Hark baino lau bat kilometro gehiago ditu Ilunzar mendiraino doan ibilbide bereziak. Hala ere, umeekin egiteko aproposagoa den 10 km-ko ibilaldia ere badago aukeran.
Ibilbide luzeko zein bereziko parte hartzaileak 08:00etan irtengo dira herriko plazatik. 25 km-koa bost ordu eta erdian egin ohi dute, eta berezia egiteko, berriz, ordubete gehiago behar izaten dute. Martxa laburrena hiru bat ordutan egiteko modukoa da, eta 10:30ean parkean dute irteera-ordua.
Ibilaldian zehar janariz eta edariz hornitutako hiru gune egongo dira: Urregaraiko zelaian, Garatxagan (San Paulo) eta Lekerikan. Gainera, bukaeran, kopaua izango dute herriko plazan (eskumuturrekoa erakustea beharrezkoa izango da).
Aurrekoetan modura, zenbait jakinarazpen egin dituzte: gosaltzeko tabernak zabalik egongo dira, aparkalekuak zehaztu egingo dituzte, ezin da txakurrik eroan eta dutxatzeko aukera egongo da amaieran.