Ander Okamikak eta Santi Telleria zaldizkoak desafioa egingo dute Mendexan
Bizikletaren eta zaldiaren arteko dema prestatu dute zapatu honetarako [urriak 20]. Lekeitiarrak eta lasartearrak “desafio ikusgarria” burutuko dute, zeinek arinago.
Telleriak Eztai zaldiagaz egingo du proba, eta Okamikak kilometro bateko abantaila edukiko du. Hain zuzen, triatloi olinpikoan Euskadiko Txapelduna denak 2 kilometroko tartea osatuko du; Telleriak, berriz, Karraspiotik Mendexako herrigunera arteko 3 kilometroak egin beharko ditu.
Okamika zein Telleria ezagunak dira zein bere arloan. Lekeitiarra, esaterako, Espainiako txapeldunordea da, triatloi luzean. Telleriak ere hainbat garaipen ditu zaldizko modura, eta besteren artean, Karraspiko zaldi lasterketan askotan lehiatu, eta bizpairu bider garaipena eskuratu du.
17:30ean hasiko dute desafioa. Amaitzean, sariak banatuko dituzte. Irabazleari txapela jantziko diote, eta biek askotariko produktuez betetako otzarak jasoko dituzte. Bestalde, bertaratutakoen artean Leagi kanpinean bi lagunentzako otordu bat zozkatuko dute.
Jesus Maria Anakabe Txakartegi Mendexako alkateak desafio ikusgarri honen zergatia azaldu du: “Aurtongo jaietan txirrindularien kronoigoera egin dute, eta duela lau urte zaldiena egin zuten, eta oraingo honetan bi probetako irabazleak ariko dira elkarren kontra”.
Idi-gizon probak. Arratsaldea borobiltzeko bestelako erakustaldia prestatu dute. Idi eta gizonen arteko demaz gozatuko dute probalekuan, 18:15ean hasita. 20 minutuko saioan, gizonen untza bakoitzeko 20 untza egin beharko ditu idi bikoteak, 3.200 kiloko harriarekin.
Zamudiotik etorritako Zumeltxo pisu libreko idi bikoteak hiru akullari izango ditu aldamenean. Bitxikeria modura, idietako batek 1.300 kilo dituela zehaztu du Anakabek.
Zazpi gizoneko taldea Lekeitioko, Mendatako, Zamudioko eta Erandioko herritarrek osatuko dute; horietako bost aurrekaldean ariko dira, eta beste biak atzealdean.