Azaro Fundazioak
Innobasque eta
Bizkaiko Foru Aldundiagaz lankidetzan antolatuta, ekonomia zirkularrari buruzko jardunaldia egongo da urriaren 24an, Markina-Xemeingo Berrikuntza Gunean. Bizkaia, Gipuzkoa eta Arabarako eratu duten
Espezializazio Adimentsuko Estrategia (RIS3) ezagutzera eman eta kasu praktikoen bidez ekonomia zirkularraren kontzeptua enpresa mundura gerturatzea ditu helburu. “Ekonomia zirkularra gai transbertsala da eta sektore asko ukitzen ditu, bai eta plan honetako alor asko ere, bere garapenean ezinbesteko papera duelarik”, azaldu dute.
Azaro Fundazioa, Leartiker eta Leartibai garapen Agentzia kokatzen diren Lea- Artibai Berrikuntza Gunea.
09:00etan hasiko da jardunaldia Lea-Artibai eskualdean ekonomia zirkularraren inguruan egin diren ekimenen aurkezpenagaz, eta ondoren, ekonomi zirkularraren negozio ereduaren ezarpenean liderrak diren hiru enpresetako ordezkariek hartuko dute hitza.
Antolatzaileek aurreratu dutenez,
Ainhoa Arrizubieta Azaro Fundazioko zuzendariak Lea-Artibain ekonomia zirkularraren inguruan izandako esperientziak laburtuko ditu hasteko, batez ere, Bizkaiko Foru Aldundiagaz elkarlanean, eskualdeko hainbat enpresei egin zaizkien ekonomia zirkularreko analisiak. Ondoren, Ihobe-ko
Ignacio Quintanak RIS3-ko ekodiseinu eta ekoberrikuntza lerroak azalduko ditu.
Enpresek hartuko dute txanda jarraian, eta negozio eredu berritzaile horren ezarpenean izandako esperientziak azalduko dituzte. Hitz egiten lehenengoa Ekolber-Ingenieria del Caucho y Plastico de Colageno S.L. enpresako
Fernando Alonso izango da. “Kautxu eta plastiko biodegradagarriekin lan egiten duen eta orain dela gutxi biopolimeroak lantzen hasi den enpresa hau, Espainia mailako Enpresei zuzendutako Ingurumen Sari Europarrerako izendatuta egon da Garapen Jasangarrirako Prozesuak kategorian”.
Ekonomia zirkularraren ezarpenean liderrak diren Ekolber, Rebattery eta Plastic Repair System enpresen esperientziak ezagutzeko aukera egongo da
Ondoren,
Benjamin Ballesteros Rebattery enpresako sortzaileak mota guztietako baterien konponketa eta salmentan lan egitetik ekonomia zirkularreko kasu arrakastatsu bihurtzera egindako bidea partekatuko du. Hitz egiten azkena
Laura Alba izango da, Plastic Repair Systemeko CEO eta General Managerra. “Plastikozko objektuen konponketa eta mantenuan liderra den ekonomia zirkularreko enpresa da hau ere, Enpresari zuzendutako Ingurumen Sari Europarrerako izendatu zuten Garapen Jasangarrirako Produktu/Zerbitzuak kategorian”.
Ekonomia zirkularreko estrategian egingo diren hurrengo ekimenen berri emanez amaituko dute jardunaldia, eta parte hartzaileek iritziak trukatu eta elkar ezagutzeko, kafe-networking gune bat ere edukiko dutela aitatu dute antolatzaileek.
Jardunaldiak plazak mugatuak ditu, eta parte hartu nahi dutenek
Azaro Fundazioan eman dezakete izena.