Zapatuan [urriak 20] hasiko da Ziortza-Bolibarko Iruzubietako bolatokian Euskal Herriko
29. Hiru Txirlo Bola Joko Txapelketa. Guztira lau bolatokitatik igaroko da aurtengo norgehiagoka: Bizkaiko
Iruzubieta (Ziortza-Bolibar) eta
Barinaga (Markina-Xemein), eta Gipuzkoako
San Joxepe (Bergara) eta
San Migel (Elgoibar).
Euskal Herriko 28. Hiru Txirlo Txapelketa.
Saio guztiak
17:00etan hasiko dira, eta ohi duten modura, nahi duen guztiak parte hartu ahalko du. Izena, beti bezala, saioaren egunean bertan eman behar da, azken tiralariak tiraldi guztiak bota orduko.
Hiru tiraldi egiteko aukera edukiko dute bolariek.
Bolatokietako arduradunek jadanik bolak aukeratuta dituzte. Hala, txapelketako bola 1 zenbakia izango da, eta apurtuko balitz, ordezkoa, 0a. Ordezko bolatokia Asola Berri izango da.
Hitzorduak. Bergarako San Joxepeko bolatokiak hartuko du bigarren jardunaldia
urriaren 27an. Hirugarren bolatokia Barinagakoa izango da, eta
azaroaren 10ean elkartuko dira bertan bolariak. Azken saioa Elgoibarko San Migelen egingo dute aurten,
azaroaren 17an. Bertan erabakiko da aurtengo txapelduna.
Euskal Herriko 28. Hiru Txirlo Txapelketako azken saioa.
Oraingoan ere,
sariak egongo dira ekitaldi bakoitzean: lehenengoa gelditzen denak 65 euroko saria jasoko du, bigarrenak 50 eurokoa, hirugarren sailkatuak 35 eurokoa, laugarrenak 20 eurokoa, bosgarrenak 10 euro jasoko ditu, eta seigarren sailkatuak oparia.
Euskal Herriko 28. Hiru Txirlo Txapelketako irabazleak Asola Berri elkarteko
Bittor Astigarraga eta
Graxi Ezpeleta izan ziren; Iruzubietako bolatokian jokatu zen azken saioa. Harrera ona eduki zuen norgehiagokak, eta saioz saio lagunarteko giroa izan zen nagusi. Aurten ere horrela izatea espero dute.