Teresa Donearen jaiak ospatuko dituzte asteburuan beheko arrabalean, Atxondoa auzoan. Urtero modura Bikale tabernak antolatzen duen margo lehiaketagaz hasiko dituzte jaiak zapatu [urriak 20] goizean.
Gero eta txiki gehiagok eta nagusi gutxiagok parte hartzen zutela eta, partaideen adin tartea moldatu egin dute, eta beraz,
3tik 10 urte bitarteko ume eta gaztetxoek parte hartu ahalko dute aurten 24 urte beteko dituen sariketan. Antolatzaileek azaldu dutenez, nagusiagoek ere badaukate parte hartzeko aukera, “baina ez dute saririk edukiko”.
[EGITARUA IKUSI]
Zapatuan,
10:00etatik 12:00etara, zigilua emango diete parte hartzaileen orriei, eta lanak entregatzeko epea 14:00etan amaituko da. Jakitera eman dutenez, lanaren neurria eta teknika partaide bakoitzak aukeratuko ditu, eta orria eta margotzeko tresnak ere bakoitzaren kontura izango dira. “Herriko lekuren bat margotu behar dute parte hartzaileek, nahi dutena”.
Sari banaketa, lehiaketa egunean bertan egingo da
19:00etan, Bikalen, eta sari modura eskolako materiala edukiko dute irabazleek. Aurkeztutako obrak, gainera, ikusgai egongo dira bertan tabernan, hilabete osoan.
[EGITARUA IKUSI]
Jolasa. Sormenak jolasari egingo dio tartea arratsaldean. Horrela,
17:00etatik aurrera, txingak, aulki-jokoa eta jolas parkea egongo dira, azken hori Markina-Xemeingo Guraso Elkartearen eskutik. “Lehen Zelaian antolatzen zituzten jolasak, baina jai biak bat egiten genuela ikusita elkartzeko proposamena egin ziguten, eta guztiz eskertuta gaude”, azpimarratu dute.Eskerrak eman nahi izan dizkiote bai eta ere udalari, “egiten dugun jai txiki hau laguntzen duelako”.
Umeak jolasten Teresa Donearen jaietan. Argazkia: Bikale taberna
Teresa Donearen jaietan ohiko duten modura,
buruhandiak eta txokolatea ez dira faltako. “Auzoko amamak egiten zuten lehen txokolatea eta orain, euren alabek hartu dute ordezkotza”. Txikienak buruhandien zain egoten direla ere azaldu dute; bai zapatu arratsaldean, bai domeka goizean ere aterako dituzte kalera.
[EGITARUA IKUSI]
Bestalde, jaiari doinua jartzeko ardura
Garik eta Amaiak edukiko dute. 18:00etatik 20:00etara eskainiko dute erromeria Bikale aurreko aparkalekuan.
Domeka eguerdian [urriak 21] emango diote azken astindua jaiari. Horretarako, musika eta buruhandiak egongo dira, eta aurreratu dutenez, txinga txikiak ere aterako dituzte umeen gozamenerako.
HONEKIN LOTUTA: Iazko jaietako BIDEOA eta ARGAZKI GALERIA