Zubia uxolak eroan zuenekoa
1953ko urriaren 15eko goizaldean, Zubi Zaharra aurretik eroan zuen bizi-bizi zetorren ibaiak; urteak aurretik, errepublikazaleek lehertu zuten, frankistengandik ihesean.Indartsu zetozen urak 1953ko urriaren 15eko goizaldean. Uxolak eta itsasagorak bat ...
1953ko urriaren 15eko goizaldean, Zubi Zaharra aurretik eroan zuen bizi-bizi zetorren ibaiak; urteak aurretik, errepublikazaleek lehertu zuten, frankistengandik ihesean.
Indartsu zetozen urak 1953ko urriaren 15eko goizaldean. Uxolak eta itsasagorak bat egin zutenean, Errenteriako auzoa urpean geratu zen; eta herri barruan, egoera ez zen hobea. Zubi Zaharrak amore eman behar izan zuen ibaiaren indarraren aurrean.Uxolaren eraginez, bortitz eta zaratatsu zetozen ibaiko urak Zubi Zaharraren azpitik. Errekako urak zekarren abiaduraz kezkatuta eta beldurtuta, Zubi Zaharraren inguruko txalupak gogorrago amarratzen edo uxola- ren erresakatik babesten ziharduten arrantzaleek.
Hain zetozen urak indartsu ze, goizaldeko ordubiak aldera Zubi Zaharra bera mugitzen eta jausten hasi baitzen. Zatika erori zen; zati bat goizaldean eta beste bat egun argitan; dena hamabi orduren barruan. Horrela deskribatu zuen udal arkitektoak: «Desplome del Puente Romano en sus dos tramos, produciéndose el primer desplome a las dos horas de la madrugada en que cayó el arco de menor luz, afectando en su caída al machón central que dos horas más tarde experimentaba un giro lateral que producía el desplome del segundo arco de mayor luz, manteniendo no obstante el tercio de arranque que a las doce horas se desplomaba arrancando casi totalmente el estribo de la margen derecha de la susodicha ría».
Uxolak eragindako kalteak
Zubi Zaharragaz batera, hantxe hondoratu zen Estrellita arrantzontzia ere; eta kalte handiak jasan zituen Santisima Trinidad motorrontziak, zubiko harriak gainera jausi zitzaizkion eta. Ez ziren uxolak eragindako kalte bakarrak izan. Besteak beste, Zubi Zaharretik Merkatu Plazara eroaten zuen eskailera ere erortzeko arriskuan geratu zen, eta berehala habetu behar izan zuten, eror ez zedin.
Ikusmin handia eragin zuen Zubi Zaharraren erorketak. Kalteak hurretik ikusi nahian zebiltzan ondarrutarren artean, bazebilen gizon bat, erreka hegalean. Hegaleregi, itxura denez, erori egin baitzen. Bi bider pentsatu barik, baporontzi batean zegoen 22 urteko mutil gazte batek dzanga egin zuen errekako ur lohietara. Itota galtzeko zorian zegoen gizon hura onik atera zuen lehorrera. Gotzon Badiola Txaketeneku zen salbatzailea; eta Bixente Agirre ingeniari eibartarra, erreskatatua.
Hondamendia hilabete batzuk aurretik ibaia bera dragatzeko egin ziren lanekin lotzen zuten herritarrek; zubiaren oinarrien ertzak gehiegi garbitu zituela esaten zuten. Kontuak kontu, urte batzuk behar izan ziren zubia berriz egiteko.
Zubi Zahar berritua 1962ko urriaren 4an inauguratu zuten, Pedro Arakama bikarioa, Jose Agirre alkatea eta Esteban Bilbao Madrilgo Corteetako lehendakaria hantxe zirela. Francoren tropak Ondarroan sartu ziren eguna aukeratu zuten, hortaz, Zubi Zaharra berriro irekitzeko; ia-ia Zubi Zaharra lehenengo bider erori zen urtemuga berean. Izan ere, urte gutxiren barruan, bigarren aldia zen ondarrutarrak zubi esanguratsuaren faltan geratzen zirena; 1936ko irailaren 29an, errepublikazaleek Zubi Zaharra eta Zubi Berria lehertu zituzten-eta herritik alde egitean. Horrexegatik sartu ziren frankistak Plaiko Zubitik urte bereko urriaren 4an.
Ondarroako muga
Zubi Zaharra 1335eko Hiri Gutunaren baieztapenean aipatzen da, eta «muga» nabari bat izan zen, pertsonak, itsasontziak eta animaliak pasatzeagatik kobratu egiten baitzuten. Horrela ageri da Hiri Gutunaren baieztapenean: «(…) tomamos por bien que cualquier nao o bajel u otro navío cualquiera que llevase mástil «in fiesto» que para pasar se había de alzar o levantar la compuerta del puente, que paguen por cada paso 5 dineros para reparación. Otrosí que todos los hombres que por allí pasasen, acémilas y otras bestias que paguen por cada vez, una y media de dinero».
Horretarako, lehengo mugak ulertu behar. Oraintsu arte ondarrutarrak Zubi Zaharra igaro eta berehala aurkitzen ziren Berriatuko elizatearen lurraldean. Beraz, Zubi Zaharra gizaldiz gizaldi bereizlea izan da.
Artibai ibaiko karrioa
Itxura denez, zubia zurezkoa izan zen XVIII. mendera arte, eta zabaldu egiten zen ontziei pasatzen uzteko eta kobratu beharrekoa kobratzeko. Olezko zubiaren azpitik igarotzen ziren itsasontzi gehienak zamakoak ziren, orduan Artibai ibaian zebilen karrioa jakinda. Hara datua: urtean 80.000 kintal burdina eroaten ziren inguruko burdinoletara.
Beste alde batetik, herritar asko batzen zen Zubi Zaharrean jarritako iturritik ura hartzera. Arrantzaleek eurek ere bertatik jasotzen zuten baporeentzat behar zuten ura. Egoera konpontzeko, udalak iturri bi propio jarri zituen arrantzaleentzat Zubi Zahar inguruan, handik har zezaten baporeen galdaretarako behar zuten beste ur.