Aintzane Oiarbide Bide Azpiegituretako Foru diputatuak eta Silvia Perez Errepideetako zuzendari nagusiak agerraldia egin zuten Mutrikun eguenean, Jose Angel Lizardi alkatearekin batera. Oiarbidek batzarrean baieztatu zuenez, Mutriku eta Deba arteko errepidea hobetzeko
lanak urtarrilean hasiko dira. Azaldu zutenez, GI-638 errepidearen hobekuntza
lanak hamalau hilabete eta erdiko epean egingo dira.
Lehen hiru hilabete eta erdian Laranga auzora doazen sarrera eta irteera bideen egokitzapena egingo da; eta tarte horretan zirkulazioa txandaka bideratuko da. Alkoleako tunela eta Ipitxarriko bihurgunea egin bitartean, berriz, errepidea guztiz itxiko da segurtasun arrazoiengatik,
bost hilabeteko epean.
Larangako auzotarrek, euren aldetik, errepidea bost hilabetez erabat itxita egoteak
arazo ugari sortuko dizkietela jakitera eman dute. Horrekin lotuta, gaur [urriak 22] goizean mozioa sartu dute Mutrikuko udaletxean. “Hainbatetan azaldu dugunez (bileretan, alegazioetan, Batzar Nagusietan…) hobetze lan hauek, Larangako auzotarrei sarrera-irteerako alternatibak kalte, arrisku eta galera handiak sorraraziko dizkie, eta hobetze lanen sasoia uda balitz, herrian bertan ere merkataritza eta ostalaritzakoei galera ekonomiko larriak sortuko lizkiekete”.
Larangako bizilagunek Galbaixoko jaietako ipinitako pankartetako bat
Diputatuek egueneko agerraldian zehaztu zutenaren arabera,
datorren astean emango dute jakitera lanak zeinek egingo dituen. Eta Larangako auzotarrek azaldu dutenaren arabera, behin esleipena egin eta gero ere adostu omen daiteke alternatiba egokiago bat hobekuntza lanak egin behar dituen enpresarekin. “Gure ustetan, esperientziak esaten digun neurrian, behin obrak hasi eta gero, tarte gutxi izaten da era horretako sasi irtenbideentzat”.
Gaiarekin lotuta, gainera, Oiarbide diputatuak
Gipuzkoako Batzar Nagusietan agerraldia egin beharko du barikuan [urriak 26], duela aste gutxi auzotarrek Batzar Nagusietan eginiko agerraldian agertutako gabeziei zer nolako irtenbidea ematen dien argitzeko. “Batzar hartan alderdi desberdinak harrituta geratu ziren proiektu honetaz ez zutelako inolako informaziorik ezta auzotarren egoera larriaren berri. Hori dela eta, alderdi desberdinek eskatuta egingo da urriaren 26ko agerraldia”, gaineratu dute Larangako auzotarrek.
Auzotarrak
hobekuntza lanak egitearen alde daude, “herritarrentzat onuragarri direlakoan”. Dena dela, uste dute gauzak hobeto egin ahal direla. “Oraindik garaiz gaudenez, honako eskaera hauek luzatzen dizkiogu udalbatza honi, onartu ditzan: Larangako auzotarrentzat alternatiba egokiagorik ez dagoen artean lanak ez hastea, hobetze lan hauek auzotarren artean sor ditzaketen kalteen aurrean, kalte ordainak onartzea lanak hasi aurretik, eta, azkenik, Mutrikuko herrian, oro har, eta bereziki ostalaritza eta merkataritzan sor ditzaketen kalteak kontutan hartuz, lanak udan ez hastea”.