Gaur egun Ispasterko alkatea da Garbiñe Saenz de Buruaga Garralda. Eta orain, 2019ko udal hauteskundeetarako ere Ispasterko EAJren Uri Erakundearen
gehiengoaren babesa eskuratu du. Aurreratu dutenez, uztailaren 6an egin zuten bileran erabaki zuten Saenz de Buruaga zerrendaburu izatea. “Ispasterko herritarrek euren botoekin babestea nahi dugu, gure herrian bizi diren pertsonen bizitza kalitatea eta ongizatea hobetzen jarraitu ahal izateko”, esan du alkategaiak.
Halaber, erronkari “ilusioz beteta eta gauza garrantzitsuak egiten jarraitzeko gogoarekin” aurre egiten diola gaineratu du. Gainera, lan egiterakoan hurbiltasunak daukan garrantzia azpimarratu du: “Garrantzitsua da kaletik ibiltzea, herrikideen kezkak entzutea, pertsonekin egotea…”.
Saenz de Buruagak
azken bi urteak esanguratsuak izan direla esan du: “Barainka, Soluanes, Erkiaga eta Gallete auzoetako zati batera saneamendua eramateko ahalegin handia egin dugu. Halaber, eraginkortasun energetikoaren alde eta isurketak murrizteko lan egiten ari gara, gure inguruan erreferente bihurtu gaituzten instalazioekin. Kiroldegiko instalazioak ere hobetzen eta handitzen ari gara eta, amaitzeko, eraikin bat birgaitzen ari gara herriko Kultur Etxe bihurtzeko. Bertan jarriko ditugu liburutegia, KZgunea, Gaztegunea…”.
Berriro alkatetza lortuz gero, Saenz de Buruagak eta haren taldek
datozen urteetarako dituzten proiektu batzuk ere jakitera eman dituzte: “Herriko eskola handitzea eta eraberritzea, herritarrentzako garraio publikoa hobetzea, industrialdearen garapena bultzatzea eta udal mailan lortutako zerbitzuen kalitateari eusten jarraitzea”.
Garbiñe Saenz de Buruaga Garralda. Argazkia: Bizkai Buru Batzar
Kudeaketa lanaren oinarrizko zereginen garrantzia ere nabarmendu du, toki publikoen garbiketa eta kaleko altzariak eta bide publikoak ondo mantentzeko lanak, besteak beste: “Ahalegintzen gara herritarren bizi kalitatea egunetik egunera hobea izan dadin. Batzuetan zail gertatzen da denera iristea, baina egunero egiten dugun ahalegina da”.
Alkategaiari buruzko datu gehiago. Saenz de Buruagak, 52 urte ditu, ezkonduta dago eta bi alaba ditu.
Mendizale amorratua da eta bereziki atsegin ditu Ispasterko inguruetan antolatzen diren mendi martxak. “Inguru paregabea daukagu. Horregatik, ahal dudan guztietan paseatzera ateratzen naiz. Otoio, Kurtxia, Ogellako hondartza… deskonektatzeko toki aproposak dira”.