Denboraldiko lehenengo porrota Gironan jaso du Lointekek
Lointek Gernika Bizkaiak 80-57 galdu du Gironako taldearen kontra EuroCup Women Txapelketaren Taldekako Faseko lehen jardunaldia. Bihar ligako partidua dauka etxeanDenboraldi hasiera ona izan da Lointek Gernika Bizkaiarentzat, baina EuroCup Women txape...
Lointek Gernika Bizkaiak 80-57 galdu du Gironako taldearen kontra EuroCup Women Txapelketaren Taldekako Faseko lehen jardunaldia. Bihar ligako partidua dauka etxean
Denboraldi hasiera ona izan da Lointek Gernika Bizkaiarentzat, baina EuroCup Women txapelketako Taldekako Faseko lehen jardunaldian ezin izan du Spar Citylift Girona mendean hartu.Gironak Emakumezkoen Ligaren talde indartsuenetakoa dela erakutsi du azken urteotan (azken hiruretan txapeldunorde geratu da, eta orain dela lau denboraldi irabazi egin zuen), eta EuroCupean ere borrokatzeko gogotsu dago.
Taldekako Faseko lehen partidua herenegun iluntzean lehiatu zuten Gironan, eta etxeko taldea 80-57 nagusitu zen.
Gernika-Lumoko taldea ahalegindu zen, baina talde katalanaren nagusitasuna ezin izan zuen apurtu. Norgehiagoka amaitu berritan, Juana Molina jokalariak adierazi zuenez, Gironaren kontra %100ean jokatu behar da, «eremu edota maila guztietan».
Ezin aurre egin
Aurre egiteko partidu borobila egin behar dela zehaztu, eta neurketaren hasieran huts egiteak izan zituztela aitortu zuen. «Batik bat defentsan izan ditugu akatsak, eta, berez, horretan gara abilenak. Saskiratzeak egitea erraz lortu dute. Bi parteak nahikoa antzekoak izan badira ere, atsedenaldira arte nahikoa ondo eutsi dugu. Baina jokaldi bakoitza ondo aprobetxatu dute, guri min emanez. Ez dugu aurre egiten asmatu».
Aurkariaren huts egite bakoitza «aurkaria zigortzeko» baliatzen duen taldea dela azpimarratu zuen. Bere ustez, defentsan ondo ez aritzeak eragin zuzena eduki zuen: «Normalean defentsa lanak erasoan aukera asko ematen dizkigu, eta gaur ez dugu hori ondo irakurri eta sendotzen asmatu».
Mario Lopez entrenatzaileak ere partidu hasiera «txarra» izan zela adierazi zuen, «huts egite askokoa».
Lehenengo laurdenean falta pertsonalek talde zigortu zutela iritzi zion: «Guk asmatu ez izanak eta gure jaurtiketen portzentaje baxuak eta eurek hobeto errebotatzeak markatu du lehenengo zatia».
Defentsan ezeze, erasoan ere azken partiduetan jokatu duten moduan jokatzea falta izan zitzaien. Hala, azken laurdenean, esate baterako, partiduari «ihes egiten utzi» zietela esan zuen.
Eurokopako bigarren jardunaldia eguaztenean (urriak 31) jokatuko dute etxean, CMB Cargo Uni Gyor talde hungariarraren aurka. Partidua 20:30ean hasiko da.
Bihar, Malosten
Indarrak berreskuratu eta hurrengo partiduan pentsatzeko momentua du orain Gernika-Lumoko taldeak. Hain zuzen, bihar etxean lehiatuko dute Dia Ligaren laugarren jardunaldia, Cadi La Seuren kontra (18:30).
Lopezen berbetan, ligan konfiantzaz jokatzen ari direla erakutsi dute, eta ildo hori mantentzea ezinbestekotzat jo du. «Batik bat energia errekuperatu behar dugu. Saskiratzeak areagotzen eta defentsa zein erasoko errebotea hobetzen saiatuko gara. Eta aurkariari ere aukera gutxiago eman behar dizkiogu».
Cadi La Seuk erritmo bizkorra ezarriko duela eta ez duela baloi bakar bat ere galdutzat emango uste du Lointekeko entrenatzaileak.