Gozamenerako 333 aukera
Eguerdian, bertsolariak, produktu onenen sari banaketa eta gaztaren enkantea egingo dituzte. Arratsaldean, DJ Bullegaz porru festa egingo dute, AstranEuskal ohitura eta kultura batzen dituen azoka helduko da astelehenean Gernika-Lumora. Beste urte bate...
Eguerdian, bertsolariak, produktu onenen sari banaketa eta gaztaren enkantea egingo dituzte. Arratsaldean, DJ Bullegaz porru festa egingo dute, Astran
Euskal ohitura eta kultura batzen dituen azoka helduko da astelehenean Gernika-Lumora. Beste urte batez, herriko txoko guztiak jendez betetzeko asmoz etorriko da Urriko Azken Astelehena. Aurten, iazko beste postu egongo dira herriko kaleetan zehar: 333 postu, hain zuzen ere. 09:00etan hasita eta 15:00etara bitartean, beraz, zer saldu eta zer erosi izango dute Gernika-Lumora bertaratutakoek.Gazta, eztia, euskal pastela, ogia, sagardoa, txakolina, barazkiak, artisautza produktuak eta beste hainbat ekarriko dituzte Euskal Herri osotik iritsitako ekoizleek.
Baserrietako ekoizpenaren agertokia izaten da Urriko Azken Astelehena, urtean egindako lana herritarren aurrean bistaratzeko egun bikaina. Izan ere, tradizioaren erakusleiho den azokak jende andana biltzen du urtero. Iaz, euria egin arren, hitzor- duak 80.000 herritar hartu zituen.
Gaztaren enkantea
Astelehenean, baserritarren lana aitortze asmoz, sari banaketa egingo dute azoka itxi aurretik Merkurioko agertokian; 13:30ak aldera deituko dituzte saritutako baserritarrak Merkurion kokatutako oholtzara. Bertan, barazki, lore, fruta, txakoli gazta eta eztirik onenak sarituko dituzte urtero egin modura.
Aurten ere, gaztaren enkantea egongo da, eguerdian jende gehien biltzen duen ekimena. Euskal Herriko gazta ekoizle asko eta askok edukiko dute beste behin postua udalerriko kaleetan. Irabazlearen gazta erdia eta bigarren saria jasotzen duen gazta erdia eramango dituzte enkantera.
Urriko Azken Asteleheneko gaztaren enkantea oso ezaguna da, eta oso ezaguna da baita ere irailean egiten den Ordiziko Gazta Lehiaketa. Aurten, Ordizian, Lekarozko Kortaria gaztandegiak irabazi du 45. Gazta Lehiaketa, eta enkantean, 8.750 eurogatik saldu zuten Kortaria gaztandegiaren gazta erdia.
Urriko Azken Asteleheneko sari banaketa eta gaztaren enkantea hasi aurretik, baina, bertsolariek ohiko saioa eskainiko dute, Merkurioko agertokian.
Egunari bukaera emateko, zesta-punta partiduak jokatuko dituzte Jai Alai pilotalekuan, eta porru festa egongo da aukeran Astran. 18:00tan zabalduko dituzte kulturarako fabrika sozialeko ateak, eta jarraian hasiko dute festa. Iaz egin modura, DJ Bull ariko da musikaz eraikina girotzen.