Erakustaldia eman dute Karraspion Billabong Euskalsurf Gazte Zirkuituko surflariek. Itsasoa tarteka nahiko nahasita eduki baldin badute ere, aukerak aprobetxatzen jakin eta maila handia erakutsi dute 14 urtez azpiko eta 18 urtez azpiko kategorietako neska-mutilek.

Annete Gonzalez-Etxabarri uretan. Argazkia: Euskal Herriko Surf Federazioa
Barinatxe eta Zurriolako probetan lehen hamaseiren artean sailkatu ziren surflariek parte hartu ahal izan dute zapatuan [urriak 27] eta domekan [urriak 28],
Artzabal Surf Elkarteak antolatuta, Karraspion lehiatu den
Euskal Herriko Surf Federazioaren (EHSF) zirkuituko hirugarren norgehiagokan. Sailkatuta bazegoen ere, Artzabal surf elkarteko
Mikel Abasolok ez zuen parte hartzerik eduki, eta aurreko bietan egon ez zenez, ordezko modura sartu zen sailkapenean
Oxel Oregi. Hala, berak ere ez zuen Karraspion parte hartzeko aukerarik eduki.
Neskak izan ziren uretara sartzen lehenengoak. Zapatuan jokatu ziren nesken kategoria bietako kanporaketak, eta itsasoaren baldintza onak aprobetxatuta, 14 urtez azpiko mutilen manga pare bat gehiago ere egin ziren zapatu arratsaldean. “Garraitz irlak eta Santa Katalina lurmuturrak babestu egiten dute hondartzako ingurua, eta itsasgoran olatuak egoten dira, baina itsasoa ez da horren nahasia egoten”, azaldu dute Artzabal Surf Elkarteko kideek.
Carmen Garai (14 urtez azpikoetan) eta
Sara Urresti (18 urtez azpikoetan) izan ziren irabazleak; sari banaketa Kai Alden egin zuten.
Eguraldi txarragoa. Domekan surf egiteko baldintza gogorragoak eduki zituzten mutilek: olatu handiagoak eta haize gehiago. “Hala ere, maila ikaragarria erakutsi zuten, Euskal Herriko onenak direla erakutsiz”.

Yago Dominguez surfeatzen. Argazkia: Euskal Herriko Surf Federazioa
18 urtez azpikoen mailako finala, gainera, zirraraz betetakoa izan zen. Azken olatuan lortu zuen garaipena Axel Lopetegik. Yago Dominguez aurretik joan zen puntuaketan final osoan, eta hura gainditzeko nota altu bat behar zuen Lopetegik, 8,05 etik gorakoa, hain zuzen. Azken minutuan olatu on bat hartu eta 360 graduko aereo bat egitea lortu zuen, lehiaketari buelta emanez. “Itsasoa zegoen bezala egonda ez zen bat ere erraza olatuak hartzea, baina asmatu egin zuen”, aitatu dute Artzabal Surf Elkartekoek.
Ikusleei dagokionez, eguraldia ez zen aproposa izan norgehiagoka ikustera joateko. Dena dela, antolatzaileek jakinarazi dutenez, tarteka nahiko jende hurreratu zen Karraspiora txapelketa jarraitzeko. Mutiletan irabazleak
Jacobo Trigo (14 urtez azpikoetan) eta
Axel Lopetegi (18 urtez azpikoetan) izan ziren. Kai Alden egin zuten mutilen sari banaketa ere.
Sailkapenak:
14 urtez azpiko NESKAK
1 – Carmen Garai
2 – Annete Gonzalez-Etxabarri
3- Silke Martinez
3- Uxue Lopetegi
14 urtez azpiko MUTILAK
1- Jacobo Trigo
2- Kai Odriozola
3- Hans Odriozola
3- Peru Zuñiga
18 urtez azpiko NESKAK
1 – Sara Urresti
2 – Alejandra Garcia
3- Bianca Tye
3- Mikele Beato
18 urtez azpiko MUTILAK
1- Axel Lopetegi
2- Yago Dominguez
3- Tomas Zarraonandia
3- Xuban Lopetegi