Zapatu goizean [urriak 27] Lekeitioko atletismoko pista txikian elkartu ziren Tximistakide guztiak, denboraldi berriari hasiera emateko. Jardunaldia talde argazkiekin hasi zuten, eta aurten, berezitasun modura, txikienek ere parte hartu dute. Atleta guztiak, txiki zein nagusi, eskola mailako zein federatu parte hartu zuten aurkezpenean; guztira,
90 gazte inguru –30 federatu , 24 txiki eta atletismo eskolako 34 atleta txiki–.
Taldeak jakitera eman duenez, atletismo eskola sortu dute 2018-2019 denboraldirako, “Lekeitio eta eskualdeko herrialde guztietako gazteek atletismoa praktikatzeko aukera izan dezaten”. Proiektu berria “gogotsu eta indar askogaz” hasi dute, “kalitatezko kirol eskola sortzeko asmoagaz eta irakasle-monitore prestatuekin”.
Tximista atletismo taldearen aurkezpena. Argazkia: Tximista
Larrotegiko pista txikian eta herriko plazan ere atera zituzten argazkiak, eta ondoren, urteko ohiko batzarra ospatuko zuten, taldearen gorabehera guztiak azaltzeko: kirol informazioa, diru kontuak, laguntzaileak… Ohiko batzarraren ondoren, talde bazkaria eduki zuten.