Argazki zaharrak jasotzen ari dira Mendexan, Gabonetako erakusketarako
Leixarra Ondarea Babesteko Elkarteko kideek iazko abenduan aurreratu legez, Mendexarron Ezkontzak eta Jaunartzeak izenburupean egingo dute aurtengo argazki zaharren erakusketa. Gabonetako oporraldian 1970era arteko argazkiak egongo dira ikusgai, udaletxeko ganbaran.
Ekarpena egin nahi dutenek, udaletxean utzi behar dituzte euren argazkiak edo, bestela, elkarteko kideren bati emateko aukera ere badagoela zehaztu dute. Argazkiak biltzeko azaroaren 16ra [barikua] arteko epea jarri dute. Argazkiak gutun-azal batean sartuta eroan behar dira, izen-abizenak eta harremanetarako telefono zenbaki bat zehaztuta. Elkarteko ordezkariek argazkien kopiak egin, eta albait arinen bueltatuko dizkiete herritarrei.
Oraindik egun zehatzak guztiz zehaztuta ez badituzte ere, seguruenik abenduaren 25ean, 30ean eta 31an egongo dira ikusgai. “Erakusketa bisitatzea Gabonetako hitzordua bihurtu da azken urteotan”.
Leixarrako kideek azaldu dutenez, dagoeneko badituzte argazki batzuk, baina, erakusketa ahalik eta jende gehienen parte hartzeagaz osatu nahi dute: “Nahiko genuke ahalik eta herritar gehienak agertzea erakusketa honetan. Ea denon artean erakusketa dotorea egiten dugun”.
Ondarea berreskuratu eta babestearen garrantzia nabarmendu dute. Era berean, herritarren parte hartzerik gabe halako erakusketa bat prestatzea ezinezkoa litzatekeela gogora ekarri dute. “Urteak daramatzagu antzinako argazkiak batzen, eta kontserbatzea garrantzitsua da; udaletxean geratuko dira denontzat izan daitezen”.