Zaintzari lotutako ikastaroa emango dute Lea Ibarreko Udal Mankomunazgoan
Lea Ibarreko Udal Mankomunazgoak berau osatzen duten bost udalerrietako herritarrei zuzendutako tailerra da. Hala, Mankomunazgoan bertan (94-684 29 63) zein Aulestiko, Amorotoko, Gizaburuagako, Mendexako eta Munitibarko udaletxeetan izena eman daiteke, goizez. Ez dago parte hartzaile kopurua mugatuta.
Mankomunazgoan lan egiten duen psikologo batek emango du ikastaroa. Astelehenean (azaroak 5) hasiko dute, eta azaroko astelehen guztietan elkartuko dira, 17:00etatik 18:30era.
Azken urteotan azaroan egin ohi dute euren etxean gaixoren bat zaintzen duten senideei edota zaintzaileei zuzendutako tailerra, eta urtero “erantzun ona” izaten duela esan dute Lea Ibarreko Udal Mankomunazgoaren ordezkariek. “Azaroko astelehenak erabiltzen ditugu beti. Askok errepikatu egiten dute, baina, badira lehenengoz etortzen direnak. Momentuz hamar bat pertsona daude izena emanda”.
Besteak zaintzeko norbere burua zaintzearen garrantziaz jarduten dute ikastaroan, eta hori lortzeko aholku baliagarriak ematen dituzte. Hala, esperientziak trukatzeko baliagarria da. Besteen adibideak ezagutzen dituzte, eta elkar babesten eta laguntzen dira. “Inor zaintzeko norbera ondo egon behar da. Talde mailan zaintzaileak indartuta ateratzen dira. Kasu desberdinetatik asko ikasten dute. Adibidez, etxe bakoitzean dauzkaten zailtasunak ikusten dituzte”.