Lea-Artibaiko kooperatiben Euskara Batzordeko kideek ere
Euskaraldiarekin bat egin dute. Eta hori adierazteko, agerraldia egin dute gaur [urriak 31], Markina-Xemeingo Uhagon kulturgunean. Ondokoek parte hartu dute agerraldian: Miren Berasategi eta Ibon Ibarzabal (Eika), Yanoba Mariezkurrena eta IƱaki Liebana (Azaro), Igor Badiola eta Rafa Etcheverry (Kide), Ramon Mendiguren eta Gotzon Juaristi (Cikautxo), Toni Azpiazu (Fagor Arrasate) eta Eneko Arrate (Herribixi).
Azpimarratu dutenez, Lea-Artibaiko kooperatiben Euskara Batzordea aspalditik dago martxan. “Hiruhiletik behin batzen gara; urtean lau bilera egiten ditugu. Bilera horietan kooperatiba bakoitzak euskararen alorrean zer egiten duen agertzen du; gure ekintzak partekatu eta praktika onak bateratzen ditugu”.
Euskara Egunak garrantzi handia daukala diote, eta ondorioz beti ospatzen dutela esan dute. Egun horretan, lehiaketak, futbol partidak, bazkariak, irteerak… egiten dituzte. “Euskara Egunean, gainera, gure kooperatibetako langile guztiek oparia edukitzen dute”.
Lea-Artibaiko kooperatiben Euskara Batzordeko kideak, Euskaraldiarekin bat egiten.