36ko gerrako bigarren defentsa lerroa ezagutzeko aukera eskaini du aurten, Mendi Asteburuak.
Ahaztuen Oroimena 1936 elkartearen eskutik, irteera gidatua egin zen zapatuan [urriak 27], Zapola mendiaren inguruetara. Iragarrita zegoen eguraldia zela-eta zazpi lagun besterik ez ziren elkartu, baina azaldu dutenez, “oso gustura” osatu zuten 1936ko gerran, gudari eta milizianoek eraikitako defentsa guneatatik egindako bisita.
Irteerako parte hartzaileak metrailadore habian. Argazkia: Ahaztuen Oroimena elkartea
Ekainean auzolanean berreskuratutako
lubakiak eta bunkerra ikusi zituzten hasteko, Ahaztuen Oroimena elkarteko kideen azalpenekin lagunduta. “Dotore daude, nabaritu da jendea ibili dela”, esan zuten parte hartzaileek. Larruz baserritik hurran egonda, jendea defentsa gunea ikustera animatu dela uste dute.
Ahaztuen Oroimenako kideek
Zapolazpin aurkitu berri duten azken metrailadore habia bertatik bertara ezagutzeko aukera ere eduki zuten, eta bertako ikuspegia mirestu. “Gune hauek, gerran, frontearen lehen lerrotik atzerago,
bigarren defentsa lerroa deiturikoaren parte dira. Besteak beste, hiru ametrailadore habia –Igotz, Zapola eta Zapolazpia– eta hamarnaka trintxera metrorekin, faxistei aurre egiteko prestatu ziren”, azaldu zuten elkarteko kideek.
Irteerako parte hartzaileak Zapolazpiko ikuspegia miresten. Argazkia: Ahaztuen Oroimena elkartea
Hortik, Larruz gaineko
edur-zulora joan ziren. Markina-Xemeingo Udala eta Ahaztuen Oroimena elkartearen etorkizuneko helburua pizkanaka, 36ko gerrako aztarnez gain, inguru horretako ondare guztiak -ikazkinen lana, meategiak…– berreskuratzea da, eta beraz, horietara ere zabaldu zuten bisita gidatua. 13:30ak aldera jaitsi zen taldea herrigunera. Hala ere, beheranzkoan, Ugartetxe baserriaren gaineko lubakian egin zuten geldialdia. Ingurunea ondo mantentzeko, berreskuratu dituzten defentsa guneetara joatera animatu zuten antolatzaileek. “Gunea ezagutu nahi dutenek, bideak garbituta dituzte, bisitatu ahal izateko”.