Iñigito Txapelpunk musikari lekeitiarraren proposamenari kolpeta, Kubako musikarientzako materiala bildu du Burrundada
Lekeitioko rock taldeen elkarteak. Kuban egindako azken biratik ekarri zuten ideia, eta elkarteko talde guztiak parte hartzeko prest egon direla azpimarratu du Txapelpunk taldeko abeslariak. “Ahalegin guztiak jarri ditugu bilketan”.
Burrundadako kideak.
Iñigitok azaldu duenez, Txapelpunk taldeak hiru bira egin ditu Karibeko irlara, eta bertako musikariek
materiala falta dutela, eta lortzeko ere arazoak dituztela, nabaritu dute aldiro. “Ez gitarra bat, esate baterako kable bat lortzeko ere oso txarto daukate, ez da erraza eurentzako materiala lortzea eta eurak fabrikatzen dituzte”. Kontatu duenez, lehenengoz joan ziren urtean eurak egindako bateria zeukan talde bat ere ikusi zuten. “Ahal duten moduan konpontzen dira azkenean”. Hori dela eta, beti utzi dituzte bertan pedalak, kableak, gitarren sokak eta ahal izan duten material guztia. Baina martxoko biraren ondoren, elkartasun bilketa bat egiteko proposamena luzatzea erabaki zuten Txapelpunk taldeko kideek Kubako musikarien premiari erantzun hobe bat eman nahirik.
Ondoetorriak. Gainera, joan diren bakoitzean bertako musikarien partetik jaso duten
harrera ona azpimarratu du Iñigitok. “Jende oso ona da, dena ematen dizute”. Bertako taldeekin kontzertu batzuk jo zituzten azken biran, eta entzuleen erantzunagaz ere harrituta geratu ziren. “Santa Claran kontzertu bat eman genuen, eta publikoa hainbat lekutik ailegatu zen, batzuk bi egunetako bidaia eginda, ahal zuten modura. Giro on-ona sortu zen, eta kamiseta guztiak oparitu genizkien, bai eta aldean nuena ere”.
Bai Iñigito bai eta Burrundadako taldeak ere “pozik” geratu dira bilketaren emaitzagaz material ugari batu dute-eta denen artean. Den-dena Kubara bidaliko dute orain, Italian dagoen ezagun baten bidez. “Oso pozik gaude badakigu eta material hori eurentzat urrea bezalakoa dela eta”.
Italiarako bidean da jada, lortutako guztia.